Maiatza hasieran eskatu zioten Asuncion Klinikako langileek bertako zuzendaritzari langileen erosahalmena bermatu eta euren lanaldia murriztuko dituen hitzarmena negoziatzea. Honetan aurrera pausurik egon ez denez, maiatzaren 8an eta 9an ekin zieten grebei, eta gaur egin dute hirugarren eguna. Beste zazpi greba egun ere deitu dituzte, maiatzaren 18an, 19an, 22an, 23an, 29an, 30ean eta 31n.
Mobilizazioak ere ari dira egiten. Horrela, Tolosako udaletxea eta Asuncion ospitalearen aurrean elkarretaratze bana egin dute gaur goizean, eta arratsaldean, kotxe-karabana egingo dute, Usabaletik abiatuta.
Langileek ospitaleko zuzendaritzaren jarrera salatzen dute: “Ez du ezertarako borondaterik, eta mahaiak blokeatuta jarraitzen du”, adierazi dute.
Ezarri dizkieten gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak direla gaineratu dute, hauek salatzeko asmoarekin batera. Euren esanetan, “asteburu honetan bertan gutxieneko zerbitzuetan baino erizain gutxiago egon da lanean planta batean”.
Era berean, salatu dute komunikabideen bidez ezagutu dituztela Plan Funtzionalaren inguruko azken berriak.