2024-11-22
HomeEkintza SozialaPolitika publikoakEnplegu egonkorra eta murrizketa guztiak atzera bueltatzea borrokatuko dugu Funtzio Publikoaren Mahai...

Enplegu egonkorra eta murrizketa guztiak atzera bueltatzea borrokatuko dugu Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean

Bihar osteguna Eusko Jaurlaritzak Mahai Orokorraren bilera deitu du, eta balizko negoziaziorako ordainsariak eta 2012ko apartekoa, baja arrunten osagarriak, eta lanaldia besterik ez ditu sartu gai zerrendan. LABen aldetik ondo ikusten ditugu gai hauek planteatu izana, betiere alde bakarrez egindako murrizketa horiek guztiak erabat itzultzeko asmoa baldin badu Jaurlaritzak. Jaurlaritzak alde bakarrez kendutakoa itzultzea ez du negoziatuko LABek, akaso itzulketa oso hori egiteko modua. Hala ere, negoziaziorako borondate adierazpen bezala hartuko genuke kendutako guztia itzultzen badute eta aurretik sinatutako akordioak ere betetzen badituzte, ez baitago batere konfiantza girorik.

LABen iritziz, bilerarako gai zerrendan puntu garrantzitsuena falta da, enpleguarena hain zuzen ere, eta gaia negoziazio mahaian defendatzeko konpromisoa hartzen dugu. Ez Erkorekak Parlamentuan modu koiunturalean mugatu bezala, erretiroei, baizik eta bere osotasunean Sektore Publikoak behar bezala funtzionatzeko behar diren kopuruak adostuz: Aurreikusitako erretiro kopuru handiaz gain, ordezkapenak, ratioak, behin-behineko tasak, azpikontratazioak eta abar.

Eta Erkorekak enpleguari heltzeaz «ez dugu denbora galtzerik» zintzoki esan balu ados egongo ginateke, baina hitz hutsalak eta tranpatiak dira gure ustez. Hain zuzen, denbora da galdu nahi duena: lehenago Enplegu eta Sektore Publikoaren legeak onartu, eta ondoren negoziazio mahaira eraman, erabat baldintzatuta eta sindikatuok eskuak loturik.

Enplegu publikoaren arazoari lehenbailehen heldu behar zaio, lehen bilera honetatik. Benetako aldebiko negoziazio bat egiteko, eta bermeekin. Euskal Herriak behar dituen kalitateko zerbitzu publikoak hornitzeko lanpostu kopuruaz eta definizioaz ari gara.

Hain zuzen ere, astelehenean Josu Erkorekak Gasteizko Parlamentuan egindako egitasmoen aurkezpenean, besteak beste, sektore publikoari eta zehatzago langileoi eragiten digun hainbat kontu aipatu zituen. Euskal Enplegu Publikoaren beste Lege Proiektu bat eta Sektore Publikoaren Antolakuntza kasu, zeinen bitartez langileon eskubideak eta antolakuntza arautuko diren. Ildo hortatik zera baieztatu zuen: “2030ean Euskadiko Administrazio Orokorreko plantillaren % 68 erretiratuko da. Ez dugu denbora galtzerik”.

Lotsagarria da, urtero LAB eta beste sindikatuek Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean zein sektorialetan aldarrikatzen ari garela enpleguaren arazoari errotik heltzeko, koiunturak zein kanpoko faktoreak kontutan edukita baina muga izan gabe. Erkorekak, Jaurlaritzak, enpleguaren arazoa soilik erretiroan ikusten du, ratioak, ordezkapenak, behin-behineko tasak, azpikontratazioak eta abar kontutan eduki gabe.

Iraingarria ere «ez dugula denbora galtzerik» batekin apaintzea bere agerraldia. LABen iritziz denbora asko galdu dugu dagoeneko, eta Eusko Jaurlaritzak denbora galtzen jarraitzen du. Izan ere datorren osteguna urtarrilaren 19ko Mahai Orokorraren bileraren gai zerrendan ez baitago enpleguaren gaian sartuta, sindikatuok berriro eskatu izan diogun bezala.

Osteguneko bilerara eramango du LABek gaia, aspalditik negoziazioaren erdigunean dagoelako. Funtzio Publikoaren mahai Orokorraren bileraren aurretik, elkarretaratzea egingo dugu enplegu egonkorra eta murrizketa guztiak atzera bueltatzea eskatzeko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.