2024-11-22
HomeEkintza SindikalaNegoziazio kolektiboa desblokeatzeko lanean jarraituko dugu, Akordio Interprofesionalaren mahaian egiturazko akordio bat...

Negoziazio kolektiboa desblokeatzeko lanean jarraituko dugu, Akordio Interprofesionalaren mahaian egiturazko akordio bat lortu eta gero

Adostasuna lortu dugu Akordio Interprofesionalaren mahaian. Bilera gaur arratsaldean izan da, eta sindikatuek adierazpenak egin dituzte bukatu bezain pronto. LABeko ordezkari Xabier Ugartemendiak adierazi du “egiturazko akordio bat” dela sinatutakoa, eta nabarmendu du ezin izan dutela negoziazio kolektiboaren blokeo egoera gainditzeko neurriak adostu, “Confebaskek nahi izan ez duelako”. LABek blokeoa gainditzeko lanean jarraituko duela berretsi du.

Akordio Interprofesionalaren mahaia gaur bildu da berriro, eta egiturazko akordio bat sinatu dugu sindikatuok eta patronalak. LABeko Exekutiboko kide Xabier Ugartemendiaren arabera, “akordioarekin lortu dugu bertako sektore mailako hitzarmenak lehentasuna izatea, hau da, estatuko negoziazio eremutik, patronala, CCOO eta UGTren eskutik jasaten dituzten erasoetatik, babestuak geratzea”.

Modu baikorrean baloratu du babes hori lortu izana, eta akordioa sinatzeko arrazoia horixe izan dela azaldu du. “Baina, akordio honek indarrean dauden hitzarmenak baino ez ditu babestuko, eta, horrexegatik, LABek ere negoziazio kolektiboaren blokeo egoera konpontzea planteatu du. Akordio honen negoziazioan argi geratu da nork blokeatzen duen negoziazio kolektiboa eta nork ez duen blokeoari irtenbiderik eman nahi: Confebaskek eta bere barruan dauden Adegik, Cebekek eta Seak”, jakinarazi du Ugartemendiak.

Hala, ez dituzte desblokeorako neurriak adostu, baina LABek helburu hori lortzeko lanean jarraituko duela berretsi du. “Argi dugu langileak pairatzen ari diren egoerarekin amaitzeko prekarietateari aurre egingo dien edukiak dituzten hitzarmenak behar ditugula, eta hitzarmen horiek lortzeko indar korrelazioa aldatu behar dugu”, zehaztu du sindikatuko ordezkariak.

LABek Birpentsatzen prozesua abiatu zuen joan den ikasturtean, ekintza sindikalean eraginkorragoak izateko, eta langile multzo bakoitzari borrokatzeko eskaintza bat egin ahal izateko. Gure helburua langileak aktibatzea da, beraiek pairatzen ari diren egoerari aurre egiteko eta prekarietatetik irtetzeko. Aktibazo horrek ekarriko du patronala eta administrazioa duten posizioetatik mugitzeko borroka eta konfrontazioa. Hori da bidea egoera aldatzeko eta eduki txukunak dituzten hitzarmenak lortzeko. LABek bide horretan lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du, eta hainbat dinamika jarriko ditu abian hori lortzeko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.