2024-11-21
HomeEkintza SindikalaUGTk gutxiengoan Gureak Nafarroan sinatu duen aurreakordioa salatu dugu, Enpresa Batzordeko gainerako...

UGTk gutxiengoan Gureak Nafarroan sinatu duen aurreakordioa salatu dugu, Enpresa Batzordeko gainerako kideak kontuan hartu gabe eta soldata igoerak KPIrekin lotu gabe

Iragan ortziralean, maiatzaren 12an, Gureak Nafarroako Enpresa Batzordeko gehiengoak (LABeko 4 ordezkari eta ELAko 1) jakin zuen UGTk (4) gutxiengoan sinatu zuela enpresarekin aurreakordioa, KPIari lotu gabeko soldata igoerak aurreikusten dituen hitzarmen baterako, eta, beraz, ez du ziurtatzen Gureakeko langileek ez dutela erosteko ahalmenik galtzen jarraituko. Akordioaren edukia salatzen dugu, baina baita ordezkaritza sindikalaren gehiengoa alde batera utzita akordioa lortu izana ere.

LAB sindikatuko ordezkariak engainaturik sentitzen dira, bi arrazoirengatik: batetik, denbora horretan lan egin dutelako langile guztiek lan baldintza duinen alde borroka bateratua egin zezaten; bertzetik, akordioan soldata igoeren zati bat ez dagoelako KPIari lotuta eta horrek erosteko ahalmena galtzea dakarrelako beti; plantillaren soldatak zenbatekoak diren kontuan izanik, hori ez da onartzen ahal.

Urtebete baino gehiago pasatu da Gureak Nafarroa enpresaren hitzarmenaren negoziazioak hasi zirenetik. LABek, UGTk eta ELAk osaturiko Batzordeak 2021. urtearen bukaeran hasi zituen negoziazioak, eta, langileen zati handi batekin batera, denbora horretan grebak, lanuzteak, mobilizazioa eta hainbat ekintza egin dituzte, enpresak langileendako benetako negoziazio duina egiteko konpromisorik ez duela salatzeko.

Gureak Nafarroa enplegu zentro berezia da; postontzietan banaketa lanak egiten dituzte edo piezak egiten dituzte Industriako bertze edozein enpresak bezala. Baina soldata gehienak ez dira mila eurora iristen. Gainera, etekin handiak lortzen dituen arren eta Nafarroako Gobernuak milioi askoko diru-laguntzak ematen dizkion arren, Gureak ez da inoiz mugitu Enpresa Batzordearekin egiazko negoziazio bat egiteko.

LAB sindikatuak eta gure delegatuek jarraituko dugu salatzen KPIari loturiko hobekuntzak eta soldata-igoerak aurreikusten ez dituzten akordioak; langileek erosteko ahalmena gal ez dezaten lanean jarraituko dugu. Eta, nahiz eta enpresen eta UGTren arteko akordio itxietara ohituta gauden, aurrean izanen gaituzte, langileak dauden tokian.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.