2024-11-22
HomeEkintza SozialaAniztasun FuntzionalaAnfas Nafarroako langileak baldintza duinak eta erosteko ahalmenari eustea bermatuko dituen hitzarmenaren...

Anfas Nafarroako langileak baldintza duinak eta erosteko ahalmenari eustea bermatuko dituen hitzarmenaren alde kontzentratuko dira ortziralean

Anfas Nafarroaren Enpresa Batzordeak —ELAko zazpi ordezkarik eta LABeko bertze bik osatzen dute, eta 140 bat langile ordezkatzen ditu—, ortzirale honetarako, maiatzaren 19rako, elkarretaratze bat deitu du Iruñean, Anfasek Iturraman duen lokalaren aitzinean, plantillaren haserrea adierazteko eta enpresari bere lana onartuko duen hitzarmen bat negoziatzeko eskatzeko, lan duina eta erosahalmena bermatuko dituena.

Aniztasun funtzionalaren sektorean diharduen Anfas Nafarroako langileek urtebete baino gehiago daramate gerentziarekin batzartzen hitzarmen kolektiboa negoziatzeko, eta iritzi publikoari jakinarazi nahi diote negoziazioarekin atsekabe eta haserre daudela.

Negoziazioaren hasieratik, Enpresa Batzordeak, bere osotasunean eta langile guztiak ordezkatuz, eskaera argi eta zuzenak izan ditu: erosteko ahalmena galaraziko ez duten eta bizi ditugun prezioen garestitzearekin bat datozen lan-baldintzen bermea.

Baina langileek uste dute ez dela behar bezala baloratzen ari haien eguneroko lana, inplikazioa, profesionaltasuna eta erakundearekiko zein zaintzen duten pertsona bakoitzarekiko konpromisoa. Plantillaren lana aitortu eta baloratu egin behar da, urteak baitaramatza lan baldintza eskasekin, soldata prekarioekin, kontratu partzialekin eta gehiegizko lan kargekin. Eta hori guztia arreta-berezitasun oso zorrotzak, ordutegi zailak eta talde profesional inplikatu eta espezializatua dituen elkarte batean.

Beraz, plantilla osoak eskatzen dio Anfasi negoziatzeko edukidun enpresa hitzarmen bat, Anfaseko langile guztien lana eta profesionaltasuna aitortzeko. Horren harira, Enpresa Batzordeak dei egin die langileei maiatzaren 19an, ortziralearekin, 12:00etan, Anfasek Iturraman duen lokalaren parean (Pintor Maeztu, 2) eginen den kontzentraziora joan daitezen.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.