LABek eta ELAk bi greba egun deitu ditugu Arabako adinduen egoitza pribatuetan eta etxebizitza komunitarioetan, Arabako lehen hitzarmenaren negoziazioan patronalen blokeoa dela eta. Otsailaren 21ean azken negoziazio mahaia izan genuen. Gaur egun patronalak oraindik ez digu erantzun sindikatuok mahai gainean jarritako proposamen ekonomikoari eta agerian utzi digu negoziatzeko duen jarrera eskasa.
Arabako adinduen egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileek topera lan egiten jarraitzen dute, haien lanetik eratorritako gero eta gaitz gehiagorekin gainera, eta urteko lanaldi oso luzeekin; hori gutxi balitz, gero eta zailagoa egiten zaie hilabete amaierara iristea.
Lau urte baino gehiago daramatzagu sektore honetarako hitzarmen bat eskatzen, baldintza duinak bermatzeko. Hilaren amaierara iritsi ahal izateko, beharrezkoa da soldatak igotzea eta gure bizi-baldintza materialak hobetzea.
LABek eta ELAk sektore feminizatu honetako langileak eskertzeko eta baloratzeko premia aldarrikatzen dugu beste behin ere. Funtsezko sektorea da, eta emakume horiek adinekoen bizitzari eusten lan egiten dute. Zaintza-sektore honen lana egiteko baldintzak behingoz behar bezala arautzea eskatzen dugu, egoitza pribatuen eta hirugarren adinekoen etxebizitza komunitarioen sektoreko langileek betetzen duten funtsezko funtzioa duintzeko.
Arabako Foru Aldundia interpelatzen dugu, batez ere Emilio Sola diputatua, Arabako erresidentzien alde ez egiteagatik eta Arabako I. Hitzarmena izatearen garrantzia mahai gainean jartzeko. Askotan aldarrikatu dugunez, zaintzak publikoak izan behar dira, eta ez negozio iturria. Irabaziak lehenesten dituena negozioa da, eta ez zaintza.
Patronala (CREA, CEA EUSKADI, LARES) interpelatzen dugu Arabako I. Hitzarmena negoziatu nahi ez izateagatik. Hitzarmen duin batez ari gara hizketan.
Aurrera egin behar dugu. Maiatzaren 23an eta 24an hitzordu garrantzitsua izango dugu, grebekin bat egin beharko dugu gehiegizko gutxieneko zerbitzuek uzten duten neurrian, indarrak batu eta kaleak betetzeko.
Maiatzaren 23 eta 24rako aurreikusitako mobilizazioak honako hauek izango dira:
-Maiatzaren 23an, manifestazioa. 11:00etan abiatuko da Plaza Berritik eta Diputazioan amaituko da (Probintziako plazan).
-Maiatzaren 24an, 11: 00etan, (Los Desamparados plazan) kontzentrazioa egingo dugu kaleko egoera gizarteratzeko, eta 12:30ean manifestazioa, Los Desamparados plazatik abiatuta, erdialdeko kaleak zeharkatuz eta berriz ere Los Desamparados plazan amaituz.
Horregatik guztiagatik, bada garaia sektore honetako langileak eskertzeko eta baloratzeko, eta probintziako hitzarmena eta baldintza duinak izan ditzaten behingoz.