Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, EH Kapitalari Planto, Jauzi Ekosoziala eta beste hainbat eragilek agerraldia egin dugu gaur, Barakaldoko BECen aurrean. Bertan, maiatzaren 23an, 24an eta 25ean Barakaldon egingo den Munduko Bankuaren (MB) goi bileraren aurkako borroka sozialaren dinamika aurkeztu dugu.
Bertaratutako erakundeok adierazi dugu MB-aren topaketa horrek berdez estali nahi duela erakunde honek pobretzearen eta larrialdi klimatikoaren gainean daukan erantzukizun zuzena, honek bere sorreratik finantzatu izan baitu hainbat herrialderen espolioa.
Horregatik guztiagatik, salatu dugu Innovate4Climate izeneko goi bilera hau energia-lobby-en estrategiaren barruan dagoela eta negozio berdeko nitxo bat sortzeko helburua baino ez duela. Gaineratu dugu euskal alderdi neoliberalek ere etekina ateratzen dutela honetatik; hala nola EAJk eta PSEk, “horrela geure negozioaren gurpila eta beren lagunena elikatuz”.
Agerraldian parte hartu dugunok ukatu egiten dugu Petronor edo Bahía de Bizkaia bezalako enpresek, CO2 emisioen erantzule nagusiak izanik, larrialdi klimatikorako inolako irtenbiderik eskainiko dutenik. Argi eta garbi adierazi dugu: Ezin daiteke oligopolio energetikotik etorriko den trantsizio justurik espero; hain zuzen ere, lurraldeen espoliazioaren eta jendartearen pobretzearen bidez aberasten direnengandik.
Hori guztia gertatzen da, esan dutenez, prekaritatea eta pobretzea handitzen ari den une batean, etxebizitzarekin egiten den espekulazioak, pentsioen murrizketak, osasuna, hezkuntza edota zaintzetako zerbitzu publikoak pribatizatzen ari diren une batean.
Bestalde, eten ez diren feminizidio eta indarkeria matxistak aipatu nahi izan ditugu. Mugetan ematen diren heriotzak eta militarizazioa, jazarpen arrazistak, mundu osoko gerrak ere aipatu nahi izan ditugu. Horiek guztiak, adierazi dugu, “gizarte gisa erantzun beharreko errealitateak dira”.
Erakundeek helburu pribatuetarako egiten den diru publikoaren erabilera salatu dugu, hain zuzen ere, goi bilera honetan aurkezten den trantsizio energetikoak lobby hauekiko mendekotasuna elikatu baino ez dute egiten.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Euskal Herriak Kapitalari Planto plataformak eta Jauzi Ekosozialak indarrak batzeko deia egin dugu kolektibo sozial eta sindikal askorekin batera, eta mezu nagusia irmo adierazi dugu: “Munduko Bankua eta haren heriotza-politikak ez dira ongi etorriak; energia fosilak behin betiko utzi eta trantsizio ekosozial bidezkoa eta demokratikoa jarri behar dugu martxan”.
Administrazio arduradunei eskatu diegu eragile sozialen eta ekologisten proposamenak entzun ditzatela, behar den aldaketa egiteko haiek dauzkaten proposamenak; izan ere, esan dugunez, “trantsizio ekosoziala herritarren parte-hartze zabalarekin gauzatu behar da, lurraldearen beraren subiranotasun politikoa errespetatuz”.
Horregatik guztiagatik, hurrengo astean egingo diren ekintzetan parte hartzeko deia egin dugu, programa hau aurkeztuz:
● Maiatzaren 23an: kontzentrazio zaratatsua 8:30ean Ansio metroko irteeran, Barakaldon.
● Maiatzaren 24an: Bilboko Plaza Eliptikotik 19:30ean aterako den trantsizio ekosozialaren aldeko manifestazioa.
● Maiatzaren 25ean: hitzaldia Yayo Herrero ekintzaile ekofeministarekin 19:00etan BilboRock-en.
Kaleak hartzeko dei batekin eman diogu itxiera agerraldiari: “Atera ditzagun gure bandera eta aldarrikapenak, eta, elkarrekin, jendarte eredu-aldaketa posible dela eta borroka soziala bidea dela adieraztera goaz!”, adierazi dugu.
ERAGILE DEITZAILEAK: LAB, ELA, ESK, STEILAS, ETXALDE, OLATUKOOP, ERNAI, EKOLOGISTAK MARTXAN, GUNE EKOSOZIALISTA, EXTINCTION REBELLION BIZKAIA, FRIDAYS FOR FUTURE, SCIENTIST REBELLION EH ZIENTZIALARIEN MATXINADA, GREENPEACE, BASOA, SUKAR HORIA, BUTROI BIZIRIK, BARAKALDO NATURALA, OMAL, MUGARIK GABE, LUMALTIK, BIZILUR, BILGUNE FEMINISTA, BEA, EMF CUIDADORAS SANITARIAS, MUJERES DEL MUNDU, EH-KO EMAKUMEEN MUNDU MARTXA, ARGITAN EMAKUMEENTZAKO AHOLKU ETXEA, OEE BIZKAIA, MOC, GERRARI EZ PLATAFORMA, BERRIOTXOAK, GAUR GEROA PENTSIONISTAK, ONEKA EH EMAKUME PENTSIONISTEN PLATAFORMA, COLLECT LEONDINE BERA, URIBARRI PREST…