2024-11-25
HomeEkintza SindikalaUrdulizko Santa Mariñe nagusien egoitzako beharginek borrokarekin jarraitzen dute eta asteon deitutako...

Urdulizko Santa Mariñe nagusien egoitzako beharginek borrokarekin jarraitzen dute eta asteon deitutako grebara batu dira

Zerbitzua Mondragon Kooperatiba elkarteko Gestion de Servicios Residenciales (GSR) enpresak kudeatzen du duela urtebete baino
gehiagotik. Langileek, erabiltzaileek zein familiek pozik hartu zuten lantokiaren kudeaketa GSR-ra pasatzea, ordura arteko kudeaketa negargarria albo batera utzi eta langileon zein ematen genuen zerbitzuaren baldintzak aldatuko zirela pentsatuta. Gaur-gaurkoz, ordea, ez dute onerako aldaketarik igarri.

Urtebete igarota, penaz azaldu dute ezer gutxi aldatu dela eskaintzen den zerbitzuan eta langileen lan baldintzetan. Arduraz diote, gainera, bereziki larria iruditzen zaielako GSR Mondragon Kooperatiba elkarteko enpresa izanik izaten ari den jarrera.

Batetik, GSRk langileen antolakuntzaren eta sindikalgintzaren kontrako jarrera erakutsi izan du etengabe. Langileen ordezkaritza legala aukeratzeko hauteskunde prozesua oztopatu izan du hasieratik, eta prozesu horren ondorioz ordezkarienganako mespretxuzko jarrerak izan ditu.

Bestetik, enpresak urte honetan zehar etengabe hautsi du hitzarmen kolektiboa; kategoriagatik egokitzen ez zaizkien funtzioak egitera behartu ditu langileak edo funtsezko aldaketak egitera behartu askotan, esaterako. Ez-betetze hauen aurrean, enpresarekin egoera kudeatzeko dialogoa zabaldu nahi izan dute langileen ordezkariek, baina enpresak entzungor egin du eta Lan Ikuskaritzan salatu behar izan dute.

Halaber, entzun nahi ez dituen enpresa baten aurrean ahotsa altxatzera behartuta ikusi dute langileen beren burua. Bi hilabete daramatzate goiz eta arratsaldez 15 minutuko lanuzteak egiten, eta beste erresidentzietako langileekin batera LABek Bizkaian deitutako greba egunetan parte hartu dute. Bada, enpresak langileak batu, antolatu eta greba egiteko duten eskubidea oztopatu nahi izan du, mehatxuekin eta erabiltzaileen familiartekoak gure aurka jartzen saiatuta.

Hala ere, ez dute lortu, langileak batuta eta borrokarako prest baitaude, eta horrela erakutsi dute. Familiek ere aldarrikapenekin bat egin dute, eta horregatik beharginek eskerrak eman nahi izan dizkiete.

“Pertsonekin lan egiten dugun langileak gara, lan baldintza duinak, ratio jasangarriak eta kategoriaren araberako funtzioak exijitzen ditugu. Gure lan baldintzak borrokatuz zaintza sistema publiko eta duin bat borrokatzen dugu”, azaldu dute egoitzako langileen ordezkariek.

Horregatik, borrokan jarraituko dutela diote. Hilabete honetan zehar lanuzteak egiten jarraituko dute; hala, 11:00etan eta 17:00etan egoitzako atean batuko dira langileak, egoiliarrak eta familiartekoak, eta gaurtik eta maiatzaren 20ra LABek Bizkaiko egoitzetan deitutako greba egunetara batuko dira. Pribatizazioa zaintza langileen miseria dela eta zaintza lanak publikoak direla aldarrikatuko dute.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lantokietako indarkeria matxistari aurre egiteko politika eraginkorrak exijitu ditugu

Horretarako, eskari bana erregistratu dugu EAEko zein Nafarroako lan ikuskaritzetan eta mobilizazioak ere egin ditugu Gasteizen eta Iruñean.

Munduko Federazio Sindikaleko Gazteen 4. Kongresuan parte hartu dugu

LAB sindikatuak Munduko Federazio Sindikalaren (MFS) Langile Gazteen 4. Kongresuan parte hartu du, azaroaren 22tik 23ra, Marseillan. "Gazte langile antolatuak eta militanteak, lan eta bizitza duin baten alde" lelopean, Kongresuak kontinente guztietako 29 herrialdetatik etorritako 45 sindikatutako ordezkariak bildu ditu.

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.