2024-11-22
HomeEkintza SindikalaAkordio Interprofesionala bide egokian koka liteke, baina beharrezkotzat jotzen dugu negoziazio kolektiboaren...

Akordio Interprofesionala bide egokian koka liteke, baina beharrezkotzat jotzen dugu negoziazio kolektiboaren blokeo egoera konpontzea

Akordio Interprofesionalaren mahaiaren bilera egin da gaur goizean. Gaurkoan sindikatuok eginiko ekarpenak aztertu dira mahaian. Ekarpen batzuetan adostasuna lortu da, beste batzuetan ez, besteak beste, negoziazio kolektiboaren blokeoa gainditzeko patronalak konpromisorik ez baitu hartu nahi akordioaren baitan. Urtarrilaren 17an bilduko da berriro mahaia.

Negoziazio kolektiboa kinka larrian dago. Patronalak lan erreformek emandako abantailak erabiltzen ari da hitzarmenak berritu gabe uzteko. Jarrera honek negoziaketa kolektiboaren estatalizazioa ekarri du. Milaka eta milaka dira estatuko hitzarmenen menpe dauden langileak. Hitzarmenek indarraldia galtzean estatuko hitzarmena aplikatu daiteke eta, gainera, Madrilen gero eta gehiago mugatzen ari da gure esparruetan negozia daitekeena, zentralizazioaren aldeko apustua eginez.

Honen erantzukizuna ez da CEOE patronalarena soilik. CCOO eta UGT sindikatuek ere zentralizazioaren aldeko apustu argia egiten dute. Paradoxikoa da, esku batekin ari dira Madrilen zentralizazio bultzatzen, eta beste eskuarekin, hemen, ustez, bertoko hitzarmenak Madrilgoetatik blindatzeko asmotan.

Negoziazio kolektiborako euskal esparrua blindatzea eta euskal langileon negoziazio kolektiborako eskubidea gure eremuan mantentzea, lehentasunezko borroka da guretzat. Helburu horrekin parte hartu izan dugu orain baino lehen ere Akordio Interprofesionalari begira egindako bi saiakeretan. Zentzu honetan, positiboa litzateke eta aurrerapausotzat joko genuke bertako hitzarmenak estatuko hitzarmenetatik babesteko egitura akordioa jasoko lukeen Akordio Interprofesional bat lortzea.

Hala ere, Confebasken proposamenak baditu bere mugapenak, agerikoak, indarrean eta ultraktiboan dauden hitzarmenak bakarrik babesten ditu, momentu honetan hitzarmenen gehiengoa kanpoan geratuko litzatekeelarik.

Beraz, Akordio Interprofesional hau bide egokian kokatu liteke, baina beharrezkotzat jotzen dugu egun negoziazio kolektiboak duen blokeo egoera konponbidean jartzea, hitzarmenak berritu eta akordio honen eraginpean kokatuz. Gure hitzarmenak bizirik eta indarrean nahi ditugu.

Urtarrilaren 17an bilduko da berriro mahaia. Datozen egunetan, proposamena gure egituretan aztertu eta Akordio Interprofesionalarekiko gure jarrera finkatuko dugu.

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.