Urte amaiera honetan LABen sail sindikalak urte berriari agurra emateko komunikatu bat ipini genuen “saski” horretan, Bankuak bidal zezan. Baina, hara non, erantzun hau eman ziguten: “Atxikita dagoen zirkularraren inguruan, gaur sartu dena lan harremanen postontzian, sentitzen dut jakinaraztea ez dela posible argitaratzea, bere edukiek ez dituztelako enpresan ordezkaritza sindikalaren funtzioa betetzeko bitartekoak arautzen dituen 2014-09-18ko Akordio Kolektiboko 9.a) puntuan ezarritako baldintzak betetzen. Honen arabera ‘transmititu beharreko informazioak soilik laborala den edukia izan beharko du, langileen legezko ordezkaritza funtzioak betetzearekin soilik zuzenean harremanatua, beste helburu batzutarako erabili ezingo delarik…’ Horregatik, eta bere argitalpenerako beharrezkoak diren argibideak emate aldera, eskatzen dizut zirkularraren azken paragrafoa ezabatzea”
Aipatutako paragrafoa hauxe zen:
“Eta hasteko, urtarrilaren 14 honetan, Bilon, askatasuna eta bizikidetzaren aldeko hitzordua dugu. BBVAko LABeko atal sindikalak bere egiten du SAREren manifestaziorako deialdia, euskal presoen eskubideen alde”.
BBVAko LAB Sail sindikalak zera adierazi nahi dugu honen aurrean:
1- Adierazpen askatasunari mugak ipintzekotan, norberak ipini behar ditu. Gure asmoa paragrafo horrekin guretzat garrantzi handia duen deialdi batekin gure atxikimendua adieraztea da. Hori egokia den ala ez langile bakoitzak iritzi beharko du, ez Bankuak.
2- Bankuak berak erabili ditu bere baliabideak deialdi “sozialak” egiteko interesa izan duenean. Beste sindikatuek ere bai. Baina gai batzuk onartzen dira eta beste batzuk ez, horretarako irizpide politikoak erabiliz.
3- LABek sindikatu sozio-politiko bezala definitzen du bere burua. Garen moduan azaldu nahi ditugu gure aukerak eta iritziak langileen aurrean, langileek eurek epai gaitzaten, ez bankuak.
Horregatik, publikoki esaten dugu: zentsurarik ez, ez BBVAn ez inon!