2024-07-22
HomeEkintza SindikalaEusko Jaurlaritzak ez ditu langileen lan baldintzak eta osasuna bermatzen

Eusko Jaurlaritzak ez ditu langileen lan baldintzak eta osasuna bermatzen

Eusko Jaurlaritzak ez du lan-osasunaren inguruko legeria betetzen eta bere langileen osasuna arriskuan jartzen du. Autopsia laguntzaileek elkarretaratzea egin dute Gasteizko epaitegien aurrean, berehalako neurriak har daitezen eskatzeko.

LABek denbora luzea darama epaitegietan lan egiten duten autopsia laguntzaileen egoera salatzen, besteak beste, langileak falta direlako eta gehiegizko pisuak maneiatu behar dituztelako.

Eusko Jaurlaritzako Prebentzio Zerbitzuak, kolektibo honen inguruan egindako arrisku ebaluazioetan, behin eta berriz aipatu du ez direla lan baldintza egokiak, gehiegizko esfortzuak egiteko arriskua tarteko, eta gorpuak ezin direla manipulatu pertsona bakar baten bitartez, gutxienez bi edo hiru pertsona beharrezkoak baitira, gorpuaren pisua eta tamainaren arabera.

Arabako kasuan, bi langile bakarrik daude plantillan, urte guztian zehar goardiak egiten dituzte, eta ez dira oporrak, baimenak edota bajak ordezkatzen. Oso ohikoa da, beraz, zerbitzu honetan lana bakarka egitea, gorpuak bakarka maneiatzea, nahiz eta prebentzio zerbitzuak esan halakorik ezin dela egin.

Administrazioak neurri zuzentzailerik (langile kopurua handitu eta neurri mekaniko hobeak ezarri) hartzen ez zuela ikusita, LABeko prebentzio ordezkariek Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzan salatu zuten egoera, eta ikuskaritzatik arrisku ebaluazioetan esandakoa betetzeko errekerimendua egin zitzaion Eusko Jaurlaritzari, zehazki Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari.

Urtebete igarota, Eusko Jaurlaritzako arduradunek sindikatuaren eskari eta salaketei muzin egiten jarraitzen dute, ez dute inongo neurririk ezarri, ezta irtenbiderik proposatu ere. Bost axola zaie beren langileen egoera eta osasuna zein herritarrei eskaintzen zaien arreta eta zerbitzuaren kalitatea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABeko kideak Mugak Zabaltzen karabanan

Balkanetara eginiko Mugak Zabaltzen karabanan parte hartu dute aurten ere sindikatuko hainbat afiliatuk. Ekimen horren helburua da salatzea Europa insolidario honek armak saltzen dituela eta bere mugak militarizatzen dituela.

Esparru propioa sendotu dute kurtso honetan LABek sustatutako ia 200 borroka sindikalek

Gorantz egin dute enpresetako gatazkek eta irekitako 10 borrokatik 4 itxita daude, eduki anitzagoekin.

Langileen aldeko politikak bultzatzeko eta zerbitzu publikoak hobetzeko eskatu diogu Pradales Lehendakariari

Osakidetzan langileen gehiengorik gabe herri itunik ez dela posible izango ohartarazi diogu.