2024-11-22
HomeEkintza SindikalaBizkaiko metalean borroka sindikala ez da delitua

Bizkaiko metalean borroka sindikala ez da delitua

Hitzarmen duina lortzeko borrokaren baitan, grebetako pikete zein mobilizazioetan parte hartzeagatik 10 pertsonak deklaratu behar izan dute gaur Barakaldoko epaitegian, eta beste bi igaro beharko dira bertatik bost egun barrru. 22 prozesu judizial ireki dira jada auzi honen baitan. Sindikatuok salatu dugu akusazioak Ertzaintzaren muntaietan oinarrituta daudela, eta langileen eskubideen alde jardutea ez dela delitua.

Gaur egindako elkarretaratzean, metalgintzako langileek pasilloa egin diete deklaratzera deitutako kideei. LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuek eta Bizkaiko metalgintzako langile grebalari guztiek honako hau salatu dute gaur goizean, epaitegien atarian:

“Gaur, maiatzak 10, 10 pertsonak deklaratu beharko dugu Barakaldoko epaitegietan, Bizkaiko metalgintzako 11 grebetako piketeetan eta mobilizazioetan parte hartzeagatik. Maiatzaren 15ean beste bi pertsona gehiago pasa beharko dira epaitegi honetatik. Deklarazio berri hauekin, momentuz, 22 prozesu judizial ireki dira, 7 artxibatu dira, 3 epaiketaren zain daude eta 12 irekita daude. Akusazioen artean ageri dira desorden publikoak, koakzioak, erresistentzia edota agintearen aurkako erasoak. Gainera, 15 isun ekonomiko baino gehiago jaso dira, 91€-tik 1200€-ra artekoak. Badakigu ez direla azkenak izango. 2019ko grebetan 17 pertsona pasatu behar izan ziren epaitegietatik (batzuk espetxe eskaerekin), eta zigor ekonomikoak ugariak izan ziren.

Salaketa horiek guztiak Ertzaintzak egindako muntaietan oinarrituta daudela salatu nahi dugu. Metalgintzako gatazkan langileak eta sindikatuetako ordezkariak mehatxatu eta jipoitu zituen, eta 8 pertsona ere ospitaletik pasatu behar izan ziren, greba eskubidea zapaltzeko erabilitako basakeri polizialaren ondorioz.

Jarduera horietako gehienak gertatu ziren Ertzaintza, patronalaren aginduz, Greba Batzordea enpresetara sar ez zedin saiatzen ari zenean. Zenbait enpresak ukatu egin zioten Batzordeari greba egunetan sartzea, enpresen barruan eskubiderik urratzen ez zela egiaztatzeko. Hori dela eta, grebarako eskubidea modu larrian urratu zelako, hainbat enpresaren aurkako salaketak sartuko ditugu.

Salatu nahi dugu, halaber, patronalaren aldeko jarrera argi hori eta Ertzaintzaren jarduteko modua zein inpunitatea erabaki politikoa dela. Josu Erkoreka arduradun nagusi duen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren erabaki bat, zalantzarik gabe Urkullu lehendakariaren onespenarekin hartua. Metalgintzako milaka langilek grebetan eta mobilizazioetan modu baketsuan parte hartu zuten egunetan, atxiloketak, identifikazioak eta kolpeak izan ziren Eusko Jaurlaritzaren estrategia Bizkaiko metalaren borrokaren arrakasta borobila ezkutatzeko. Beharrezkoa da eskuin politikoak eta poliziek langile klase antolatu eta mobilizatuari erasotzeko erabiltzen duten Mozal Legearekin amaitzea.

Bizkaiko metalaren gatazka otsailaren 3an amaitu zen, akordio bat sinatuta, baina Eusko Jaurlaritzaren eta Ertzaintzaren eginkizun errepresibo eta mendekatzailea ez da amaitu. Akordioa sinatu ondoren, oraindik ere salaketak eta zigor ekonomikoak iristen zaizkie langileei.

Hemen gauden sindikatuok argi daukagu errepresio dinamika honen helburua dela lan baldintza duinen alde eta enpleguaren defentsan egiten den edozein borroka kriminalizatzea, 2019an eta beste gatazka batzuetan gertatu den bezala: Tubacex, PCB, Petronor, Artiach, Osakidetzako garbiketako azpikontratak…

Amaitzeko, Ertzaintzari eta Eusko Jaurlaritzari exijitzen diegu jarritako salaketa guztiak eta isun ekonomiko guztiak kentzeko. Langileen eskubideak eta gure eskubideak defendatzea ez da inoiz delitu izango. Hori dela eta, argi eta garbi diogu salaketek, isunek eta errepresioak ez dituztela geldituko lan eta bizi baldintza duinen alde borrokatzea erabakitzen duten langileak. Borroka sindikala ez da delitua”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.