2024-11-22
HomeEkintza SozialaAniztasun FuntzionalaGorabide, Gaude, Madres Mercedarias eta Aspaceko langileen aurka Ertzaintzak erabilitako indarkeria salatu...

Gorabide, Gaude, Madres Mercedarias eta Aspaceko langileen aurka Ertzaintzak erabilitako indarkeria salatu eta langileek egiten duten lan publikoa aitortzea aldarrikatzen dugu

LABeko ordezkari bat ospitalera eraman behar izan dute kolpeen ondorioz, eta beste hainbat langile zauritu dituzte. EAJ-ri egozten diogu ertzainen jokabidearen erantzukizuna.

Gaur, maiatzak 9, Gorabide, Gaude Madres Mercedarias eta ASPACE enpresetako langileek 5. greba eguna egin dute elkarrekin.

Langile horiek guztiek oinarrizko baldintza duinak aldarrikatzen dituzte, hala nola, azken urteetan jasan duten erosteko ahalmenaren galera larria berreskuratzea. Denek dituzte negoziazioak blokeatuta. Batzuek, Madres Mercedariasen kasuan bezala, lantokia ixteko mehatxua dute, eta arriskuan daude haien enpleguak.

Langile horiek guztiak Aniztasun Funtzionalaren Sektorekoak dira, eta sektore horretan gehienbat emakumeek lan egiten dute. LABentzat ez da kasualitatea blokeo hori. Berriz ere, Sergio Murillok, Unai Rementeriak eta enparauek uko egin diote emakume horien lana aitortzeari, Nagusien Egoitzetako langileei, Etxez Etxeko Zerbitzuko langileei, Etxeko Langileei edo Esku-Hartze Sozialeko sektoreko langileei, besteak beste, ukatzen dieten bezala.

Langile horiek guztiek zaintza-lan publikoa egiten dute, langile publikoak dira, nahiz eta Bizkaiko Foru Aldundiak ezartzen duen pribatizazio-ereduak ez dituen halakotzat hartzen.

Gaur, FEVAS, Aniztasun Funtzionalaren Sektoreko erakundeen elkartea, indar politiko guztiekin bildu da Itsas Museoan. FEVASekoak dira, besteak beste, GORABIDE, GAUDE eta ASPACE. Erakunde horietako langileak eta Madre Mercedariasekoak museoaren atarian bildu dira, barruan baitzeuden zaintza lanekin negozioa egiteko arduradunak. Kalean, aldiz, lan horiek egiten zituzten emakume langileak. Alde batean negozioa, duintasuna eta borroka bestean.

EAJko arduradunek protesta saihestu nahi izan dute Ertzaintza bertara bidalita. Hala, sindikatuak aniztasun funtzionalaren sektoreko langileen aurka erabilitako indarkeriaren erantzule egiten du EAJ. LABeko ordezkari bat ospitalera eraman behar izan dute eta beste langile batzuk zauritu dira museoaren atean ertzainek kargatu dutenean. Bada, guzti horiekiko elkartasuna adierazi du sindikatuak.

LABek iragarri du mobilizazio eta greba gehiago egingo dituela hitzarmenak desblokeatzen ez badira, eta lanean jarraituko duela Aniztasun Funtzionalaren Sektoreko langileen borrokara bateraturako eremuak ahalbidetzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.