2024-11-22
HomeEkintza SindikalaSaltoki Logistika Arabatik kaleratutako ordezkari bat berriz hartzea #LortuDugu

Saltoki Logistika Arabatik kaleratutako ordezkari bat berriz hartzea #LortuDugu

Jakin dugu Gasteizko Lan Arloko Epaitegiaren epaia, LABek Saltoki Logistika Araba enpresan duen ordezkaria kaleratzea bidegabea dela aitortzen duena, eta, beraz, berriro ere lanera eta langileen ordezkari lanak egitera bueltatu daiteke.

Epaiak argi utzi du enpresa modu instrumentalean eta patronalaren alde erabiltzen saiatzen ari dela Espainiako atzerritarrei buruzko legeak bizileku eta lan baimena berritzeko unean sufriarazten duen zaurgarritasun egoera berezia. Hala, enpresan askatasun sindikalik ez zegoela salatzeko lan garrantzitsua egiten ari zelako eta langileen eskubideak defendatzen zituelako gogaikarri suertatzen zitzaion ordezkari bat kaleratzeko baliatu zuen.

Kaleratzearekin LABek ordezkatzen duen klase sindikalismo borrokalaria enpresatik desagertzea lortuko zuela uste bazuen Saltokik, lan eskubideen konkistaren historiarekiko ezjakintasunaz gain, erakusten du ez duela LAB osatzen duten pertsonek egunero erakusten duten lanerako gaitasunaren berri.

Zentzu horretan, gure ordezkariaren kaleratzearen eta Saltoki Logistika Arabaren lan eskubide eta baldintzen okertzearen aurrean, LABek salaketa dinamika bat hasi zuen arlo guztietan: maila sozialean, lan ikuskaritzan, mobilizazioetan, baita epaitegietan ere. Borroka horren ondorioz, LABek ordezkari hori berriz hartzea lortu du.

Hori dela eta, zoriondu egin nahi izan du kidea, langile klasearen eskubideen aldeko langile nekaezina, eta enpresa barruan zein kanpoan dinamika babestu duten pertsona guztiak ere bai.

Epai horren ondoren, LABek berretsi egiten du Saltoki Logistika Arabaren langileak ez ezik, Saltoki taldeak Euskal Herriko lantoki guztietan dituen langile guztiak indartu eta antolatu behar direla, antolakuntzatik eta borrokatik soilik lortuko baitira langile guztientzako lan baldintza duinak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.