2025-03-30
HomeIrakaskuntzaSukalde eta garbitzaileakEskoletako jantoki publikoetako negoziazio mahaia osatu da

Eskoletako jantoki publikoetako negoziazio mahaia osatu da

LABek sustatuta eskoletako jantokien negoziazio mahaia osatu berri da. Hala, kolektibo honi zuzendutako hirugarren hitzarmena lortzeko epea zabalik dago. Negoziazio honekin lan baldintzak parekatzea dugu helburu, Eusko Jaurlaritzako gure lankideekiko. Egonkortasuna, lanpostuaren iraupena eta kolektiboaren formakuntza ere ditugu xedeen artean.

LABek argi utzi nahi du negoziazio honek ez duela aurrekoaren bide bera jarraitu behar. Negoziazio horrek hiru ikasturte iraun zuen, eta 36 greba egin ziren guztira. Prozesu hartan, Eusko Jaurlaritzaren esleipenen bitartez zerbitzua eskuratu zuten enpresek familiak, haurrak eta langileak bahitu zituzten nolabait, enpresa horien interes ekonomikoek oztopatu baitzuten negoziazioa.

Enpresei ez ezik, Hezkuntza Sailari ere paper garrantzitsua ematen diogu negoziazioan. Aurreko mahaietan ez zen egon, eta bere hutsunea nabarmena izan zen.

Hitzarmen honen negoziazioan, hiru aldeak mahai berean egotea eskatzen dugu: Eusko Jaurlaritza, enpresak eta langileak. Eta ez da kapritxo hutsa. Enpresei dagokien kudeaketari buruzko gaiak hizpide izango ditugu negoziazioan, baina ezin dugu ahaztu, hitzarmenetik harago, langileok ere 2000ko Arautegiaren legegintzaldiaren baitan ari garela lanean, eta arautegi hori Hezkuntza Sailak egin zuela, eta orduz geroztik ez
duela gaurkotu.

Arautegi horrek eskola komunitateko hainbat eragilek eta LABek arbuiatu dute behin eta berriz, gure eskoletako jantokietan ezarri eta inposatutako ereduari erantzuten ez diolako.

LABek agortutzat ematen du egungo eredua. Jantoki publiko eta osasuntsuen alde egiten dugu, eta ikastetxe bakoitzaren Eskola Proiektuan integratu daitezela eskatu. Jangeletako hezitzaileek lan baldintza berak izan behar dituzte, azpikontratak desagertu behar dira, eta formakuntza eta euskalduntze egitasmo integral bat gauzatu behar da, guztiok eskola komunitatearen parte izan gaitezen.

Hezkuntza eredu publiko, osasuntsu, justu eta burujabe baten alde egiten dugu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hezkuntza publikoa indartzeko baliabideetan inbertitzea ezinbestekoa da

Begoña Pedrosa Sailburuak martxoaren 28an emandako prentsa-agerraldiari LABen erantzuna.

LAB sindikatuak Kutxa Fundazioa eta Kutxagestion Zerbitzuak S.L.U.ko lehen hitzarmen kolektiboa sinatu du

Gaur, 2025eko martxoaren 28an, ia bi urte eta erdi luzatu den negoziaketa-prozesu baten ostean, LAB sindikatuak Kutxa Fundazioa eta Kutxagestion Zerbitzuak S.L.U.-ko lehen hitzarmen kolektiboa sinatu du. Hitzarmen kolektibo honi esker, fundazio osoko 63 langileren lan-baldintzak modu esanguratsuan hobetuko dira.

LABek ez du behartutako kaleratzerik onartuko Ekide enpresan

Martxoaren 27an egin zen kontsulta epeko bigarren bilera enpresako zuzendaritzaren eta langileen ordezkaritzaren artean.