2024-11-25
HomeLan Osasuna IdazkaritzaPrekarietatea HiltzaileaEtxaide: "Erakundeak beste alde batera begira ari dira lan istripuen aurrean"

Etxaide: “Erakundeak beste alde batera begira ari dira lan istripuen aurrean”

Euskal gehiengo sindikalak lan istripuak salatzeko manifestazio bat egin du gaur Bilbon. Neurri zehatzak har ditzatela eskatu diete erakundeei, eta lan heriotzen atzean prekarietatea dagoela salatu dute. LABeko idazkari nagusiak aurten Hego Euskal Herrian hil diren 53 langileak gogora ekarri ditu Confebasken egoitzaren aurrean.

Prekarietateak hil egiten duela ukaezina da. Datuak ikusi besterik ez dago: aurten 53 pertsona hil dira lan istripuen ondorioz, Hego Euskal Herrian. Gainera, azpimarratu behar dugu izan diren istripu hilgarrien herena azpikontratetan izan direla. Arazo larri baten aurrean gaude. Izan ere, prekarietatea, enpleguaren kalitate eskasa eta prebentzio neurri egokiak ez hartzea dira lan istripu eta gaixotasunen oinarrian dauden egiturazko arrazoiak. Beraz, egoera irauliko duten neurriak har daitezen aldarrikatuz, euskal gehiengo sindikalak deituta, kalera irten gara gaur, Bilbon, “Prekarietatea hiltzailea, lan istripu gehiagorik ez” lemapean.

LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek hitza hartu du Confebasken egoitzaren aurrean, eta borondatea eskatu die instituzioei lan heriotzak saihesteko. "Erakundeak beste alde batera begira ari dira lan istripuen aurrean", salatu du. "Ekidin zitezkeen heriotz asko gertatu dira lan munduan. Hauxe da sindikalismoak, edozein langilek, egin dezakeen salaketarik bortitzena", azpimarratu du. Lan baldintzak hobetu, segurtasun neurri egokiak hartu eta prebentziorako behar beste inbertsioa egin. Hauxek dira Etxaidek egindako aldarrietako batzuk lan istripuak saihesteko, eta instituzioei ekimena har dezatela eskatu die: "Ez dago aitzakiarik lan istripuen aurrean ekimen instituzionala ez indartzeko. Kontua da ez diotela behar adina garrantziarik ematen, eta, horrela izan bitartean, mobilizatzen jarraituko dugu", adierazi du.

Bilboko manifestazioan aldarrikapenak nagusi izan dira, lanean hildako pertsonak gogoan. Egoera aldatzeak neurri zehatzak hartzea eskatzen du. Hala nola, enplegu duina eta kalitatezkoa sortzea lehentasunezkoa izan behar dela deritzogu; lan osasun politikak errotik aldatzeko eskatzen dugu, horretarako behar diren baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak handituz; enpresen gaineko kontrola, ikuskaritza eta zehapen eredugarria areagotzea exigitzen dugu eta lan osasun politiketan lanbide-gaixotasunei beharrezkoa duten zentraltasuna ematea beharrezko ikusten dugu.

Eskandalagarria da oraindik ere lan egiteagatik langileak hitzea. Errealitate honen aurrean, Confebaskek ez du arrazoi honi buruz ezer jakin nahi, euskal erakundeen ahotan ere ez dugu egoera irauli dezaken aldaketarako neurririk entzuten. Ardura zuzena dute, beraz. Bada garaia gaiari heldu eta langileak erdigunean jarriko dituen eredu baten alde urratsak emateko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.