Lasarteko Michelin lantegiko enpresa batzordeak, LABen ekimenez, lantokian aritzen diren Ferrovial Servicios-eko langileek jasaten duten prekarietate egoera agerian utzi du, Michelin multinazionalaren zuzendaritzari eman zaion txosten baten bitartez.
Enpresa batzordeak indarrean den lan legediaren hainbat arau hauste orokortuak egiaztatu ditu txostenari esker, baita enpresa ekimenaren erruz sortzen diren lan istripu larrien arriskuak egiaztatu ere. Honez gain, enpresak indarrean den lan hitzarmena era orokorrean ez duela betetzen egiaztatu du..
Aldi berean, enpresa batzordeak gogorarazi du bi hilabeteren buruan Gasteizko lantokian azpikontratatutako enpresatan aritzen ziren bi lankide lan istripuen ondorioz hil direla, eta, Lasarten, lan istripu larriak izateko baldintzak sortzen ari direla.
Enpresa zuzendaritzari eman zaion txostenaren bitartez, enpresa batzordeak zuzendaritzari egoeraren erantzukizuna bere gain har dezala eta lan istripu larrien eragileak diren egoerak eta ekintzak ekidin ditzala exijitu dio, lantokian gertatzen denaren erantzule den heinean.