2024-11-22
HomeEkintza SindikalaZaintza lanetan dihardutenak langile publiko gisa aitortzeko aldarrikapena plazaratu dugu

Zaintza lanetan dihardutenak langile publiko gisa aitortzeko aldarrikapena plazaratu dugu

Gaur LABek Hego Euskal Herriko herrialde guztietan zaintza sektoreko ordezkari guztiekin asanbladak eta mobilizazioak egin ditu. Langile publiko gisa aitortza exijitu dugu kalerik kale, eta pribatizazioari ateak itxi behar zaizkiola oihukatu dugu.

Martxoaren 8an kalera atera ginen, eta aldarrikatu genuen zaintza zerbitzuen jarduten duten langileek lan publikoa egiten dutela. Gaur dinamika horri jarraipena eman diogu.

LABek argi dauka pribatizatutako zaintza zerbitzu sozialetako langileek zerbitzu publikoa ematen dutela, lan publikoa egiten dutela. Hori da etengabe enpresa eta sektoreko gatazketan borrokatzen ari garena. Gure sektoreen negoziazio kolektiboa blokeatuta dago, gure miseriazko soldatak izoztuta daude eta gure lan eta bizi baldintzek okerrera egin dute.

Instituzioek ematen duten zaintza zerbitzu publikoa ez da sistema publikotik bermatzen, eta instituzioek ez dute beren gain kudeaketa zuzena hartzen. Langileon kalterako, enpresa pribatuen esku uzten dituzte gure lan baldintzak. Pribatizazioak eragin zuzena dauka bai langileongan, bai erabiltzaileengan. Hain zuzen ere, horixe da salatzen duguna: prekaritatea, esplotazioa, partzialtasuna, ebentualitatea, ratio jasangaitzak, lan osasun neurririk eza, kontziliazio neurririk eza… Zaintza lanen pribatizazioak zerbitzuen degradazioa eta okertzea dakar.

Gure lanak zaintza zerbitzu sozial hauek mantentzen ditu, eta gizarteratu behar dugun aldarrikapena da zerbitzu hauek %100 publikoak izan behar direla, instituzioen aldetik kudeaketa zuzenekoak. LABek zaintza zerbitzu sozialen publifikazioa exijitzen du, irabazi asmoa zaintza zerbitzuetatik kanpo geratzea eta langileen lan baldintzak hobetzearen aldeko apustua egiten baitu.

Jarraian zerrendatuta daude sektoreko langileen aldarrikapen nagusiak:

1. Zainduak izateko eskubidearen aitortza, eta gizarteak dituen zaintza beharrei erantzungo dien zaintza siste-ma publiko baten beharra, zeinak bizi eta lan baldintza duinak bermatuko baitituen.

2. Bizitzaren jasangarritasuna bermatzen duten zerbitzu guztien aitortza eta pribatizatuta dauden zaintzarako gizarte zerbitzuak publifikatzea. Hau da, dagokien administrazio publikoak zerbitzu guztien garapenaz, finantzaketaz eta kudeaketa zuzenaz arduratu daitezela.

3. Pribatizatutako zaintza eta gizarte zerbitzuen langileak publikoak gara. Zor patriarkalaren aitortza eta aitortza
sozial, politiko eta ekonomikoa, orain.

4. Zaintza eta gizarte zerbitzu publikoak indartzea eta langileen lan baldintzak duintzea; langileen eros ahal-
mena bermatzea, ratioak handitzea, lizentziak edota bestelako baimenak hobetzea, negoziazio kolektiboa
desblokeatzea…

Hala, beste konfrontazio ziklo mobilizatzaile bat irekiko dugu, zeinean askotariko aliantza sozial, feminista eta sindikalak elikatuko baititugu zaintza lanak duindu, aitortu eta publifikatu arte.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.