2024-11-23
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaBabesgabeko egoeran bizi diren gazteen zaintza hobetu dadila eskatu dugu

Babesgabeko egoeran bizi diren gazteen zaintza hobetu dadila eskatu dugu

LABek Sansohetan gertatutakoa salatu du, eta erakunde eta hedabide guztiei eskatu eta gogorarazi die jendarteratu diren gertaerak adinez nagusi ez diren gazteei dagokiela, eta, hortaz, hauen babesa eta anonimatoa bermatu behar direla beste edozein interesen gainetik. Era berean, Arabako Foru Aldundiari eskatu diogu arduraz joka dezala gertaera honekin zerikusia duten egintzetan eta erakunde horren tutoretzan dauden gazteen babesean.

Egungo egoerak, murrizketa politiken eta erakundeek agertu duten utzikeriaren ondorio dena, Arabako zerbitzu sozialen narriadura ekarri du, batik bat, azken urteotan. Horrela, babesgabe dauden gazteen abegi-zentroei dagokienez, egoera guztiz kezkagarria da.

Hainbat faktore daude tartean. Alde batetik, administrazio publikoak zerbitzuak pribatizatu izanak hauen eskaintza okertu du, ikuspuntu sozial batetik nahiz erabiltzaileen ikuspuntutik ikusita. Arabako Aldundiak Sansohetako kudeaketaren jarraipenean azaldu duen utzikeria berehala zuzendu behar da; aldundiak bermatu behar du, zentroaren egunerokotasuna gobernatzen duten kudeatzaileen aurrean, gaur egun bizi dugun egoerak eragotziko dituzten elementu zuzengarri oro betetzen eta ezartzen dela.

Bestalde, langile kopurua eta plantilak ezegokiak badira ere, azken urteotan, zentroa eta plaza kopurua handitu ondoren, makrozentro-eredua bultzatu da, eta zaintzako langileek (segurtasuna, begiraleak, jagoleak,…) ordezkatu dituzte izaera hezitzailea duten langileak (hezitzaileak), guneak gaizki diseinatu dituzte, kudeaketan burokrazia nagusitu da, prebentzio neurriak urriak dira,… Egoera horrek, azken finean, zentroetako egoera jasangaitza izatea dakar.

Zentro horietako lan baldintzek ezinezko egiten dute adin-txikikoei laguntza egokia eskaintzea; langileen ahalegina eta inplikazioa, eguneko jardunean, ez da nahikoa horrenbesteko narriadura arintzeko. Kudeaketan eta jarraipen/sorospen ereduan aldatuz bakarrik zuzen daiteke egungo egoera. Abegi ereduak aldatu behar du, hezitzaileagoa eta pedagogikoagoa den eredu baten aldeko hautua egin behar da.

Erakundeek aitortu eta indartu behar dute Sansoheta zentroan lan egiten dutenen eginkizuna, arazoaren kudeaketan eta irtenbideak bilatze aldera. Era berean, sostengua adierazi behar die haien jardunbidearen une zail honetan.

Ezinbestekoa deritzagu gogoratzeari kolektibo honi eskaintzen zaizkion arretaren printzipio gidariak Adin-txikikoen Babes Juridikoaren 26/2015eko Lege Organikoan eta EAEn Haurtzaroa eta Nerabezaroa Zaintzeko eta Babesteko 3/2005eko Lege Organikoan zehazten direla. Bi legeen oinarrizko printzipioetako bat kolektibo horren zaintzan har daitezkeen neurrien izaera hezitzailea da. Printzipio horren eraginkortasuna bermatzeko, ezinbestean, ziurtatu behar da behar beste hezitzaile dagoela, kualifikazioari eta kopuruari dagokionez.

Etengabeko prestakuntzan, hezkuntza ikuskapenean, plangintzan eta lanbide esku-hartzearen jarraipenean baliabideak inbertitu gabe, eta zerbitzu sozial publikoen aldeko benetako apustua egin gabe, ezin daiteke inondik inora ziurta premien estaldura zuzena eta haurrak eta nerabeak babesteko neurriak beteko direla.

Berriro egiaztatzen dugu azpikontratazioak eta lanbide mailak aitortu ez izana erakundeek, sektorean, ekin dioten prekarietatea sustatzeko politikaren ondorio garbiak direla.
 

 

 
 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.