Gaur metalgintzako negoziaketa mahaia elkartu da seigarren aldiz. Patronalak bere horretan jarraitzen du eta ez du sektorearen beharrei erantzuten dien proposamen orokorrik ekarri. LABek uste du gaurko bileran aurkeztutakoak ez direla nahikoa, eta mobilizazioen aldeko apustuarekin jarraituko du.
Tauletako soldatetan aldaketa bat eta sektorean euskararen inguruko proposamen bat. Hori da ADEGIk gaurko bileran aurkeztu duen berrikuntza bakarra. Soldatetan %5eko igoera jasotzen du 2023rako; 2024rako, KPIaren araberakoa gehi 0,7 gehiago, eta 2025. eta 2026. urteetarako, berriz, KPIaren araberakoa. Horrez gain, patronalaren proposamena da 50 langiletik gorako enpresetan euskararen inguruan hitz egiteko derrigortasuna ezartzea.
ADEGIk dio ekarritako proposamena bere azken eskaintza izango litzatekeenetik oso gertu dagoela, eta hori onartezina da. KPIa ez da bermatzen, lanaldi jaitsierarik ez dago, ez da lan osasunaz hitz egiten, malgutasunaz ere ez, baimenetan ez dago proposamenik… Hala, beste behin ere exigitu diogu patronalari negoziatzen hastea ahalbidetuko duen proposamen bat ekar dezala.
Argi dago sektoreko beharrei erantzungo dien akordio duina nahi badugu borroka izango dela bide bakarra. Horretarako, intersindikalari dei egingo diogu berriro ere elkartu eta mobilizazio bateratuak eta grebak abiatzeko. Langile guztion indarrak batuz lortuko dugu akordio duina.