2024-11-22
HomeZerbitzu PublikoakEnplegu PublikoaEnplegu publiko duin eta egonkorra aldarrikatu dute Gasteizko Legebiltzarraren aurrean

Enplegu publiko duin eta egonkorra aldarrikatu dute Gasteizko Legebiltzarraren aurrean

Iñigo Urkullu lehendakari aukeratu dute gaur Gasteizen. Minutu gutxi geroago, Legebiltzarraren kanpoaldean, LABek elkarretaratze bat egin du zerbitzu publikoetan egindako murrizketak salatu eta berriak egin ez ditzaten eskatzeko.

EAJ eta PSE-EE alderdiei egin die sindikatuak, gobernu akordioa sinatu duten alderdiei: “Ez dugu ahaztu behar bi hauek azken urte luzeetan zerbitzu publikoetan eta langile publikoen lan baldintzetan murrizketa handienak gauzatu dituzten alderdi nagusiak direla”. LABek nabarmendu du EAJk PPko Gobernuak Madriletik inposatutako murrizketa guztiak bere egin dituela: “Egoera honek, langile publikoen lan baldintzetan ez ezik, herritarrek jasotzen dituzten zerbitzuen kalitatean ere eragin zuzena izan du”.

Eusko Jaurlaritzako langileen artean, behin-behinekotasun tasa %35 gorakoa da. Erretiroa edo baja hartzen duten langileak hainbat kasutan ez dira ordezkatzen, eta lan pilaketak nabarmen hazi egin dira. "Bereziki kezkagarriak dira eremu batzuetan pairatzen dituzten egoerak. Lanbiden, esaterako, funtzionario eta bitartekoentzako Akordio Arautzailea eta lan kontratadunen Lan Hitzarmena erabat zaharkituta daude”, jakinarazi du sindikatuak.

Aurreikuspenak hobeak ez direla ohartarazi du LABek: “Gauza jakina da Europako Batasunak Espainiako Gobernu berriari murrizketa berriak agindu dizkiola. Horiek Estatuko aurrekontuetan izango duten eragina gutxi barru ikusiko dugu; edozein kasutan ere, Madril eta Gasteizko gobernuen arteko mimetismoa ikusita, Madrilek inposatuko dituen murrizketa berriak Gasteizko Gobernuak bere egingo dituela ziurtzat eman daiteke”, azpimarratu du sindikatuak, eta aurrekontu autonomikoan etor daitezkeen murrizketak ere ikusteko daudela adierazi du.

Hau guztiagatik, mobilizatzera deitu ditu zerbitzu publikoetako langileak, murrizketen kontra borroka dezaten.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.