2024-11-22
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaBiolentzia matxistaren aurka, urrats feminista

Biolentzia matxistaren aurka, urrats feminista

Biolentzia matxistak gure biziak baldintzatzen ditu. Beldurraren bitartez emakumeon eskubideak zapaldu eta bigarren mailako hiritarrak bilakatzea du helburu. Biolentziaren espresio gorena fisikoa bada ere, milaka espresio eta aurpegi ditu biolentzia matxistak. Etxean, kalean, lanean, eskolan, jaietan… matxismoaren adierazpenak pairatzen ditugu, egungo jendartean oso errotuak daudelako eta onartu egiten direlako. Honen ondorioz, egoera hauek “normaltasunez” bizitzera behartzen gaituzte, arazo indibidual gisara salduz.

Biolentzia matxista ez da modu isolatuan edo arlo pribatuan gertatzen den egoera bat, baizik eta egungo eredua kapitalista heteropatriarkala sostengatzeko ezinbesteko bitartekoa. Emakumeok menpeko behar gaituzte ereduak aurrera egin dezan.

Hortaz, biolentzia matxistari aurre egin nahi badiogu, ezinbestekoa da Euskal Herriko egungo sistema aldatu eta eredu berria eraikitzea.

Agerikoa da, arlo ezberdinetatik orain arte harturiko neurriak ez direla nahikoa izan. Ez dute inongo momentutan eredua bera zalantzan ipini eta hortaz, adabakiak besterik ez dira izan. Egoera benetan konpondu nahi badugu, muineko arazoa, hau da, kapitalismo heteropatriarkala da aldatu beharrekoa. Hau gainditu ezean, nekez lortuko dugu libre izatea.

Eta bide honetan, inoiz baino ozenago aldarrikatu nahi dugu irtenbidea soilik FEMINISMOAN SAKONTZETIK etorriko dela. Estrategia feminista indartsu baten bitartez soilik lortuko dugu, egiten ditugun borrokak jendartearen erdia baino gehiagok pairatzen ditugun zapalkuntzei aurre egitea.

Hau guztiagatik, LABen, gure borroka feminista indartuko dugu, feminismoa delako berme bakarra egingo ditugun aldaketak sexuaren araberako bereizkeriak gainditu eta aukera eta eskubide berdintasunean oinarritutako Euskal Herri berri bat eraikitzeko garaian.

Bide honetan, ezinbestekoa da Euskal Herriko mugimendu feminista indartsua. Horregatik, datorren azaroaren 25ean Mugimendu feministak antolatzen dituen mobilizazioetan parte hartzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Denon ardura da indarkeria matxistari aurre egitea.

BIOLENTZIA MATXISTAREN AURKA FEMINISMO GEHIAGO!

 

A25. Mugimendu feministaren deialdiak

BAIONA 18:30 • Herriko etxetik

BILBO 20:00 • Arriaga Plazatik

DONOSTIA 19:00 • Bulebarretik 

IRUÑEA 20:00 • Gaztelu Plazatik 

GASTEIZ 19:00 • Andra Mari Zuriatik
 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.