2024-11-22
HomeEkintza SindikalaEskola jangeletako langileek negoziazio prozesuaren beharra helarazi diote beste behin ere Hezkuntza...

Eskola jangeletako langileek negoziazio prozesuaren beharra helarazi diote beste behin ere Hezkuntza Sailari

Gaur, Andoni Alonsok, LAB sindikatuko kolektibitateetako arduradunak, Gasteizko Parlamentuko hezkuntza batzordean parte hartu du Hezkuntza Sailak jangelekiko eta bertako langileekiko duen jarrera eta eskola publikoetako jangeletako langileen ordezkariekin elkarrizketa-mahai bat sortzeari uko egin izana salatzera.

Joan den urtarrilean, eskaera bat egin genien Jokin Bildarratzi eta Xabier Aizpuruari, elkarrizketa-mahai bat sortzeko eskatuz, honako gai hauei buruzko negoziazio-prozesu bat hasteko, eta gaur egun, erantzunik gabe jarraitzen dugu:

  • Ikastetxe publikoetako derrigorrezko hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako jangelak arautzen dituen 2000ko martxoaren 22ko agindua
  • Kudeaketa zuzeneko jangelen funtzionamenduari buruzko zirkularra.
  • Ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari buruzko 2015 urteko dekretua.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Xabier Aizpurua sailburuordeak uko egin diote araudi horiek negoziatzeari, azpikontratatutako langileak garelako eta jangelako zerbitzua kudeatzen duten enpresekin negoziatu behar dugulako.

Zerbitzuaren enpresa emakidadunekin hitzarmen kolektiboa negoziatuko dugu, baina ez jangelen funtzionamendu-araudiak, Hezkuntza Sailaren eskumen esklusiboa baita.

Argi utzi nahi dugu azpikontratatutako langileak garela, horrela Hezkuntza Sailak nahi duelako.

Zergatik exijitzen diogu Hezkuntza Sailari sindikatuen langileen ordezkariekin negoziatzera esertzeko? Araudi desberdinetan gure lan-baldintzei zuzenean eragiten dieten alderdiak jasotzen direlako, hala nola ratioak, funtzioak, lanaldiak, jangelako ordutegia…

Langileek ahal duten guztia egiten dute kalitatezko zerbitzu segurua eman ahal izateko, baina gero eta zailagoa da, lan-baldintzak okertzen ari baitira.

Egunetik egunera, ez dagozkien gero eta funtzio gehiago beren gain hartu behar dituzte. LAB sindikatuak askotan salatu du Hezkuntza Sailaren aurrean, honek entzungor eginez.

Jangela funtsezkoa da ikasleek beren etapa akademikoan jasotzen duten hezkuntza integralean, 0 urtetik hasi eta derrigorrezko hezkuntza amaitu arte; beraz, ikastetxeko beste gune bat bezala hartu behar da, non ikasten eta hezten jarraitzen den, eta ez da zerbitzu osagarri huts gisa baloratu behar, Hezkuntza Sailak egiten duen bezala. Bada garaia, bai hezkuntza sailak eta bai gainerako hezkuntza komunitateak jangelako langileak ere hezitzaileak garela aitortzea.

Argi dago Hezkuntza Sailari ez zaiola batere axola jangelen zerikusia duen guztia, eta horren erakusgarri da Hezkuntza Lege berrian ahaztutakoak garela berriz ere.

Jangela seguru eta kalitatezkoak nahi ditugu, bai langileentzat, bai ikasleentzat, eta horretarako ezinbestekoa da Hezkuntza Sailak baliabide gehiago ematea. LAB sindikatuak hezkuntza sailari aurkeztutako proposamena, gaur Parlamentuko hezkuntza komisioan gainontzeko alderdi politikoei aurkeztu diegu.

Ezin dugu ahaztu behar, jangeletako eta eskola-garraioko langileok, hezkuntza-komunitatearen parte garenez, zalantzarik gabe, ezin dugula erabakiak hartzen diren guneetan parte hartu, hezkuntzako gainerako profesionalek, familiek barne, egiten duten bezala. Adibidez, ikastetxe batean eskola-ordutegia aldatzea proposatzen bada, familiek, irakasleek eta gainerako profesionalek parte har dezakete erabaki horretan; guk ez. Ikastetxe batean erabakitzen bada astean arratsalde batean irakasleen formakuntzarako eskolarik ez egotea eta horrek jangelako ordutegia egunero 15 edo 30 minutu murriztea badakar, eta, beraz, gure lanaldia murriztea eta horrekin batera soldata murriztea, eta lan bera denbora gutxiagoan egitea; guk ere ez.

Hau esanda, LAB sindikatuak Jokin Bildarratzen Hezkuntza Sailari exijitzen dio jangelen aldeko benetako apustua lan egin dezala eta lehenbailehen dei ditzala langileen ordezkariak elkarrizketa-mahai batera, 2000ko martxoaren 22ko agindua eta jangelen zirkularra negoziatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.