2024-11-22
HomeEkintza SindikalaSuhiltzaileen lege berria ez da behar bestekoa

Suhiltzaileen lege berria ez da behar bestekoa

LAB sindikatuko ordezkariak Gasteizko Legebiltzarreko batzordean izan gara gaur, eta salatu dugu testu berrian jasotako neurriek ez daukatela zehaztasun nahikoa.

Suhiltzaileen funtzioen definizioari, formakuntza zehatzagoaren beharrari, zerbitzuaren publikotasunari, genero berdintasunari eta hautaketa prozesuei egin diegu kritika, besteak beste. Legeak hari gehiegi uzten ditu solte, eta hainbat kontu zehazteko beharra azpimarratu dugu, langileen ordezkariekin batera, beti ere.

Zehazteko beharra

Legeak ez ditu aintzat hartzen funtzio guztiak, eta horren adibide da salbamenduari dagokion bakar bat ere ez dela ageri. Ildo beretik, oraindik ere faltan igartzen dugu suhiltzaileen profilaren definizioa, merezimenduen balorazioa edota gainditu beharreko probak baldintzatzen baititu horrek. Bestalde, jasotzen diren funtzioak babes zibileko planen aurreikuspen eta taktika operatiboen arabera banatzen dira. Bada, horrek dakarrena da langileak etorkizunean gerta daitezkeen aldaketen mende egotea.

C1 mailara igarotzea jasotzen du legeak, sindikatuaren eskakizun historikoa, alegia. Horren ondorioz, sartzeko probetan Batxilergoa edo Lanbide Heziketako Erdi Mailako Zikloa eskatuko da. Hala ere, hainbat zalantza ditugu soldatari, hirurtekoei eta beste zenbait konturi buruz. Gainera, interesgarria litzateke suhiltzaileen benetako lanari loturiko erdi mailako ziklo bat sortzea.

Suhiltzaile gisa karrerako funtzionarioak hautatu eta prestatzeko prozesuei dagokienez, uste dugu eskumenak, diseinua eta egikaritzea argi eta garbi zehaztu behar direla, zerbitzuetako arduradun teknikoekin eta langileen ordezkariekin batera. Azpimarratu behar da, gainera, proba psikotektnikoen eta elkarrizketen pisua gehiegizkoa dela.

Bestalde, LABek uste du gehiago definitu beharko litzatekeela legeak bigarren jarduerari buruz jasotzen duena, hau da, adina, gaitasun fisikoak, ezgaitasuna edo bestelako arrazoiak tarteko, lanpostuen funtzioak moldatzeari buruz. Eskubide hori aitortu beharko litzateke langileen ordainsarietan galerarik eragin gabe.

Halaber, goardietan parke bakoitzerako ezarritako gutxieneko langile kopurua bermatu behar da, aintzat hartuta barne-funtzionarioen gehienezko kupoak ezin duela inola ere %6 baino handiagoa izan. Plazak betetzeko beharrizana begibistakoa da.

Horrez gain, sindikatuen eta beste gizarte antolakunde batzuen partaidetza oso murritza da, eta benetako ordezkaritza sindikalaren beharrizana aldarrikatu dugu.

Arkauteren rolari kritika

Zerbitzuak kudeatzeko ereduari dagokionez, onargarria den kudeaketa bakarra Toki Erakundearena berarena da, eta horrek ziurtatuko luke zerbitzu publikoa.

LABek beste behin ere arbuiatu du Arkauteko Akademiari legeak ematen dion gehiegizko erabakimena. Horixe bera kritikatu genuen erakunde horrek kudeatutako Enplegu Eskaintza Publikoaren harira ere; izan ere, haserrea sortu zuen, besteak beste, prozesua ez zelako zorrotz egokitu oinarrietan jasotakoari. Gertatutakoa ikusirik, arraroa eta arriskutsua iruditzen zaigu akademiari ematen zion boterea. Larrialdietarako akademia gisa aurkezten bada ere, polizia ereduari jarraitzen dio. Gaur egun Arkautek ez dauka ez gaitasunik ezta baliabiderik ere suhiltzaileen hautaketa prozesua behar bezala gauzatzeko, besteak beste, legez ez delako bere eskumena. Gainera, akademia horrek formakuntzaren gaineko eskumena izanik ere, ez dauka baliabiderik hori aurrera eramateko.

Lanpostuen izendapenei dagokienez, sindikatuaren ustez beharrezkoa da izendapen militarra alboratu eta administrazio publikoekin bat datozen terminoak jasotzea (parkeko burua, etab.). Horrez gain, zerbitzuek beharrezkotzat jotako beste lanpostu tekniko batzuk, administratiboak edota ofiziotakoak adskribatu ahal izan beharko lituzkete.

Berdintasuna

Aintzat hartu beharreko beste alderdi bat da suhiltzaileena sektore oso maskulinizatua dela. Azken urteetan kolektiboan ezarritako berdintasun neurriek ez dute fruiturik eman, eta azpimarratzekoa da emakumeen presentzia ez dela areagotu. Hori dela eta, neurri integral eta eraginkorrak eskatu ditugu, zuzeneko nahiz zeharkako diskriminazioari aurre egingo diotenak, aurrez identifikatuta zeintzuk diren emakumeei lanbide horretarako sarbidea oztopatzen dieten arrazoiak. Suhiltzaileen iruditegia ezin daiteke maskulinitate hegemonikoaren bueltan eraiki. Horregatik guztiagatik, uste dugu ezinbestekoa dela lan komunikatibo eta pedagogiko egokia diseinatzea. Lanpostu batzuk emakumeentzako gordetzea erabilgarria izan daiteke, baldin eta beste neurri batzuekin batera badator.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.