2024-11-22
HomeIdazkaritzakZanbranan hildako kamioilariaren harira, beste behin ere sektoreko baldintza prekarioekin amaitzeko eskatu...

Zanbranan hildako kamioilariaren harira, beste behin ere sektoreko baldintza prekarioekin amaitzeko eskatu dugu

Gaur, apirilak 17, 39 urteko garraiolari bat hil da lan-istripuz Zanbranan (Araba). Heriotza horrekin, dagoeneko 16 langile hil dira lan-istripuz 2023an.

Aste batzuk lehenago, beste garraiolari baten heriotza salatu behar izan genuen, Arcelor enpresarentzat zama garraiatzen ari zela zendua.

Garraioaren sektorea da laneko ezbeharren gaitza gehien pairatzen dutenetako bat. Izan ere, iaz 11 garraiolari hil ziren lan-istripuz. Ez gara nekatuko lan-istripuak lan-baldintza txarren eta prebentzio eta segurtasun-neurri faltaren ondorio direla salatzeaz.

Oso prekarioak dira garraioaren sektoreko lan-baldintzak, lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, lan egiteko moduak berekin dakarren elikadura ez osasuntsua, eta abar. Horregatik diogu garraioaren sektorean gertatzen diren lan-istripu gehienak guztiz saihets daitezkeela, eta borondate politikoa baino ez dela behar garraiolarien lan-eskubideak bermatzeko eta errespetatzeko neurriak jartzeko, baita erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa ere.

Prekarietatearekin amaitu behar da. Patronalaren inpunitatearekin amaitu behar da. Erakundeek ezin dute jarraitu bete aldera begiratzen, bestela gertatutakoaren konplize izango dira.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.