2024-07-22
HomeEkintza SozialaAHTa gelditu eta herritarron eta trantsizio ekosozialaren mesedetan egongo den mugikortasun eredurako...

AHTa gelditu eta herritarron eta trantsizio ekosozialaren mesedetan egongo den mugikortasun eredurako eztabaida sozialari eta alternatibei bidea ireki behar zaie

Abiadura Handiko Trenaren aurkako borrokak 30 urte bete ditu Euskal Herrian. LAB proiektu honen aurkako bere posizioan berresten da, eta bihar, apirilaren 15ean, Biriatun egingo den agerraldi jendetsuan parte hartuko du

Gure herriaren luze-zabalean hainbat kolektibo, eragile sozial eta sindikalek bat egin dugu borroka honetan, LAB ere borroka honen parte izan delarik. Izan ere, AHTa ekologikoki eta sozialki jasanezina den proiektu elitista da, eta honen eraikuntzan dabiltzan langileek prekarietatea eta lan baldintza kaskarrak jasan behar dituzte. Horregatik, LAB sindikatutik AHTrik EZ! aldarrikapenean berresten gara.

Urte luzeak daramatzagu proiektu honen zentzugabekeria salatzen eta krisi ekosozialaren testuinguruak are nabarmenagoa bihurtzen du. Trantsizio ekosozialari heltzeko ezinbestekoa da pertsonen eta merkantzien mugikortasun eredu berri bat bultzatzea, sozialki eta ekologikoki jasangarriak diren azpiegituren bidez. AHTarekin jarraitzeak gutxi batzuen neurrira diseinaturiko mugikortasun eredua sustatzen du, erabat elitista eta ingurune naturalaren eta ondare kulturalaren gainetik eraikia, berriki Jundizen ikusi dugun moduan.

Nafarroako eta EAEko gobernuek AHTaren eraikuntzan tematuta jarraitzen dute. Nafarroako Gobernuak 2023an 71 miloi € bideratu nahi ditu AHTaren obretara. Eusko Jaurlaritzak ere europar funtsen 2710 milioi € eskatu ditu konexio gabeko irla bat izango den, 38 urteko atzerapena izango duten eta %54tik gorako gainkostua daraman Euskal Y-a eraikitzeko. Frantziar estatuak Baiona eta Bordele artean AHTa eraikitzeko eztabaida berpiztu du, Ipar Euskal Herriko 252 hautetsik, eta herritar eta eragile sozialek xahuketa ekidin eta diru hori Hendaia-Baiona linea modernizatzeko galdegiten duten bitartean.

Proiektu honetan emandako diru-jarioa ikaragarria izaten ari da eta bere bideragarritasun ekonomiko, ekologiko eta soziala justifikatu gabe dago. Bizitzaren garestitzea eta zerbitzu publikoen desmantelamendua ematen ari den testuinguruan langileok ezin dugu onartu diru-publikoa zentzurik gabeko proiektu honetan xahutzea. Diru hori gastu sozialetara eta bizi-baldintza duinak bermatzera bideratu behar da, esaterako: Pentsio duinak bermatzera (AHTaren km1 = 1.080 euroko pentsioa 2083 pentsiodunentzat urte betez), zaintza sistema publikora ( AHTaren km1 = erresidentzietako 1.600 langile edo 375 plaza erresidentzia publikoetan urte betez) edota osasungintzara (AHTaren km1 = 561 osasun langile urte betez).

AHTaren obrek eragindako kalte ekologiko eta sozialaz gain, ezin aipatu gabe utzi AHTaren eraikuntza lanetan bizia galdu duten langileak, gutxienez 12 izan dira urte hauetan. LABetik hainbatetan salatu dugu AHTaren obretan ematen zen prekarietatea, eta obren segurtasun arloko auditoria bat ere eskatu dugu.

AHTak diru publikoa, baliabide naturalak eta langileon bizitzak irensten ditu. Horregatik alferrikako azpiegitura honen eraikuntzari ezetz esaten diogu. AHTa gelditu egin behar da eta herritarron eta trantsizio ekosozialaren mesedetan egongo den mugikortasun eredurako eztabaida sozialari eta alternatibei bidea ireki. Horrela, apirilaren 15ean 11:00etan Biriatuko frontoian egingo den agerraldian parte hartuko dugu, eta dei egiten dugu 30 urteko borrokaren testuinguruan antolaturiko ekimenetan parte hartzera.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABeko kideak Mugak Zabaltzen karabanan

Balkanetara eginiko Mugak Zabaltzen karabanan parte hartu dute aurten ere sindikatuko hainbat afiliatuk. Ekimen horren helburua da salatzea Europa insolidario honek armak saltzen dituela eta bere mugak militarizatzen dituela.

Esparru propioa sendotu dute kurtso honetan LABek sustatutako ia 200 borroka sindikalek

Gorantz egin dute enpresetako gatazkek eta irekitako 10 borrokatik 4 itxita daude, eduki anitzagoekin.

Langileen aldeko politikak bultzatzeko eta zerbitzu publikoak hobetzeko eskatu diogu Pradales Lehendakariari

Osakidetzan langileen gehiengorik gabe herri itunik ez dela posible izango ohartarazi diogu.