2024-11-22
HomeEkintza SindikalaELAren prepotentzia, manipulazioa eta arduragabekeria

ELAren prepotentzia, manipulazioa eta arduragabekeria

LAB sindikatuko koordinatzaile orokorrek, Garbiñe Aranburu Irazustak eta Igor Arroyo Leatxek, iritzi artikulua idatzi dute ELAko bozeramaleek azkenaldian egin dituzten adierazpenen harira:

ELAk kanpaina gogorra abiatu du LABen aurka. “Praktikan LAB, CCOO eta UGTren arteko aliantza dago eta gatazkak desaktibatzen ditu”, dio idazkari nagusiak, noiz eta inoiz baino gatazka gehiago dugun honetan.“ELA irmoa da bere printzipioekiko, LABek bekatua egin du”, ordea. Ez diezagula errealitateak titularrik zapuztu! Kontrabotere bakarra dago, ELA da benetako ezkerra. Prepotentzia balorazioak egiteko lagun kaskarra izanik ere, balio du, balio die, itxurazkoa erradikalismoa indartzeko.

Sindikalismoa ez da pulpitotik eraikitzen, koherentziatik, egunero enpresaz enpresa lan eginez baizik. Horregatik, gauzak bere tokian jartzea dagokigu. Arduratik, ELAk hartu norabideak ahuldu egiten baitu kontrabotere sindikalismo subiranista eta, ondorioz, Euskal Herriko langile klasea.

Erronka handiak ditugu esku artean, herri bezala eta langile klase moduan. Testuinguru horretan, LABek sindikalismo berria ordezkatzen du. Sndikalismo soziopolitikoa eginez garatzen dugu geure praxia, proiektu nazional bati eta eredu soziosindikal koherente bati lotuta. Hori ez du gogoko ELAk, eta arduragabekeriaz jokatzen du.

Sindikalismo eraikitzailea ez da kontzeptuei nork bere zigilua jarriz edo jada garatutako praktikak klonatuz egiten. LABek urteak daramatza sindikalismoa birpentsatzen. Feminismoa, ekosozialismoa edota antirrazismoa funtsezko elementuak dira gure eguneroko lanean. Ez dira, noski, kontzeptu besterenezinak, eragile sozial orok ekarpena egin dezake eta egin behar du. ELAk, ordea, patentatu egiten ditu kontzeptuok, bestelako zelofan bat jarri eta prest du produktua saltzeko, beti, interes korporatiboen mesedetan.

LABen proiektua korronte kontra sortu eta garatu da, 1974an jaio zenetik gaurdaino. ELAk “Alderdiaren” bedeinkapena zuen bitartean, LABeko militantzia, ez izerdirik gabe, kontraboterean oinarritutako proiektu independentista bultzatzen ari zen.

90eko hamarkadan LABek, subiranotasunaren ikuspegitik, garatzen zuen kontrabotere eredura hurbildu zen ELA, ez alferrik, bere tradizioak markatuta: konfrontazioa bai, baina ez klase ikuspegitik, sindikatu gisa baizik; pentsamolde hegemonista (nirekin ala nire aurka); diskurtso erradikalaren eta praktika sarri kontserbadorearen arteko dantza (“tokian toki” defendatzen dute); legezkotasunarekiko errespetu zorrotza eremu politikoan zein sindikalean; ezarritako ordenari jarraitzen dion sindikatu baten ezaugarriak guztiak.

Edonola ere, ELAren aldaketak aukera sortu zuen aliantza sendoa eraikitzeko, lan zentroetan kontrabotere izango zena eta askapen nazionalerako prozesuan aktibo. Nagusiki bi saiakera izan dira LAB eta ELAren artean ekintza batasuna sustatzeko (1994-2000 eta 2015-2020). Biek huts egin dute. Zergatik? ELAren kontakizun interesatuaren aurrean, arreta jarriko dugu, LABen ikuspuntutik, batasun horretan aurrera egitea eragotzi duten gertaeretan:

Eremu politikoan, ELAren arabera, borroka armatuak eragotzi egiten zuen ekintza batasunean aurrera egitea; borroka armaturik gabe, ziotenez, konfrontazio-estrategia subiranista batean murgilduko ziren. Promesa haiek haizeak eraman ditu. ELA bere tesi teorikoak moldatzen joan da, estatu propio bat izatearen garrantzia erlatibizatzetik hasita, Euskal Errepublika Independete baten aldarrikapen abstrakturaino. Eta, aldi berean, eremu soziolaboralean Estatu-tresnak sortzeko borrokari uko egin dio.

Jarrera eroso eta antzua da Estatuko Elkarrizketa Sozialean adostuko denaren zain egotea, edota Espainiako Gobernuak zer erabakiko itxarotea, gero inposaketak kritikatzeko. Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua, ELArentzat, eslogan hutsa da. Pedagogia subiranista elikatzen lagunduko duten ekimenak sustatzeko gaitasunik gabe dihardu.

2013an ezezkoa eman zioten negoziazio kolektiboa blindatzeko Sektore Arteko Akordioa negoziatzeari eta gogor kritikatu zuten LAB. 4 urte geroago, lehenago besteok negoziatutako akordioa eurena balitz bezala aurkeztu zuten. Berriki, beren eguneroko praktikari leial, bizkar eman diote 1.400 euroko gutxieneko soldata bultzatzeko aukerari.

ELAk “euskal ezkerrarekiko” kritikaren tonua igo du, ezin bestela izan, haren afiliatu askok EAJ eta Geroa Bai bozkatzen jarraitzen duten bitartean. Desobedientzia eskatu izan die beste batzuei, Kataluniarekiko elkartasunez bi orduko lanuztea deitzeko aukerari ezezkoa ematen zion bitartean. Arrazoia? Izaera politikoko deialdia izanik legez kontrako jotzeko arriskua.

Eremu sindikalean ELAk bere eredua inposatu nahi izan dio LABi. Besteon koherentzia sindikala aztertzen duen bitartean, ordea, patronalarekin interlokuzio bide pribilegiatuak bilatu eta jorratzen ditu, nagusiki Adegirekin, akordioak ixteko mobilizaziorik gabe. Greba eta mobilizazio agenda duten intersindikaletatik kanpo utzi du bere burua, gehiengoa duen hitzarmenetan ikusi dugu amore ematen patronalak eragindako blokeoaren aurrean, nagusiki sektore feminizatu eta prekarizatuetan. Lan istripuei erantzuteko protokolotik ere atera da

Beraz, ez dezala ELAk justifikazio faltsurik bilatu LABekiko aliantzaren eraginkortasun ezaren aurrean. Zinez sinesten dugu indarrak batzeko beharrean: eskubideetan eta justizia sozialean aurrera egiteko, ortzimuga sozialista helburu; eraldaketa soziala bideratuko duen estrategia subiranista aktibatzeko. ELArekin, gaur gaurkoz, ezinezkoa da oinarriak ezartzea diagnosia, konfiantza, konpromisoa, helburuak eta estrategia partekatzeko, euskal sindikalismoa euskal jendartearen subjektu protagonista izan dadin zoru komuna ontzeko. Guk beti herriari, Euskal Herriari eta euskal langile klaseari aurrez aurre eta eskuzabaltasunez begiratu diogu eta begiratuko. Ez gaituzte siglek baldintzatzen, ezta egiturak ere, gure herriaren etorkizunak baizik. ELAk bere lehentasunak aldatzen dituen egunean elkartu ahal izango gara.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.