2025-04-11
HomeEkintza SindikalaGureak Nafarroako LABeko delegatuek Gobernuari eskatu diote enpresarekin bitartekari lanak egin ditzan...

Gureak Nafarroako LABeko delegatuek Gobernuari eskatu diote enpresarekin bitartekari lanak egin ditzan langileek KPIren igoera jaso ahal izan dezaten

Enplegu zentro bereziko Gureak Nafarroa enpresan LAB sindikatuko delegatuak diren bi langile Nafarroako Gobernuko Laneko zuzendari nagusi Izaskun Goñirekin batzartu ziren atzo, haren bulegoan, enpresan izaten ari diren borrokaren berri emateko eta zuzenean eskatzeko Gobernuak lan gatazka horretan bitartekari lanak egin ditzan, langileek KPIren igoerarekin lotutako soldata igoerak bermatze aldera.

Gureak Nafarroa enplegu zentro berezi bat da, eta bertako langileek urte bat baino gehiago daramate haien erosteko ahalmenari eustea bermatuko lukeen soldata batzuk lortzeko. Hainbat greba egun eta mobilizazio egin izan dituzte. Eta borroka horretan, Gobernuaren inplikazioa eskatzen dute, uste baitute Gobernuak finantzaturiko zentro horietan Gobernuak bermatu behar duela langileek lan baldintza duinak izatea eta gehiago ez pobretzea. Bertze modu batean erranda, prekaritatearen aurrean kalitatezko enplegua bermatu behar du Gobernuak.

LABen ekimenez, Nafar Lansareko politika aktiboen planak enpleguaren kalitate-klausulen beharra jasotzen du. Ondorioz, enpresei ematen zaizkien diru laguntza guztiek kalitatezko enplegua bermatzeko helburuarekin lotuta egon behar dira. Aurten, Nafarroan enplegu zentro bereziak kudeatzen dituzten enpresek 15.139.163 euro jaso dituzte nafar guztion diru publikotik; Gureak Nafarroa enpresak diru horretatik 1.659.436 euro jaso ditu. Hori dela eta, egun enpresan ematen ari den lan gatazkari konponbide bat emateko erantzukizun berezia dauka enpresak zein Nafarroako Gobernuak.

Beraz, LABeko delegatuek Izaskun Goñiri eskatu diote Nafarroako Gobernuak bitartekaritza lanak egitea; langileen, enpresaren eta Gobernuaren arteko bilera baterako deialdia egitea; eta berak Gobernuak bermatzea enpresak KPIren igoerarekin loturiko soldata igoerak aplikatuko dituela.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

“Nazioa gara. Euskal langileak gara”, Aberri Eguneko adierazpena

Jarraian irakur dezakezue LAB sindikatuaren 2025eko Aberri Egunerako adierazpena:

UDALHITZ mahaia eratzea lortu da, negoziazioari ekiteko berme nahiko lortuta

15 urteren buruan, langileekiko arduraz eta begirunez joka dezala eskatzen dio LABek EUDELi. Izan ere, bada sasoia Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udal erakundeetan ezinbesteko erreferentzia den UDALHITZ marko arautzailea berritzeko.

Segurtasun juridikoa emango duen lege-babes berria eskatzen du LABek euskararentzat

LABek irmoki salatzen du Udal Legea garatzen duen dekretuaren aurka Espainiako Auzitegi Gorenak hartutako erabakia. EAEko Auzitegi Nagusiaren eta Auzitegi Gorenaren aurkako ebazpenen kateaketak...