2025-04-11
HomeIndustriaIndustria KimikoaPrekarietatea salatu dute Michelinen egindako grebarekin

Prekarietatea salatu dute Michelinen egindako grebarekin

Greba egin dute gaur Gasteizko Michelin enpresan, Ferrovialeko langileen batzordeek eta LAB eta ELA sindikatuek deituta. Lan uzteek prekarietatea borrokatzeko abiapuntua izan behar dutela adierazi du LABek, eta grebak Ferroser enpresako (Ferrovial Servicios) langileen artean ia erabateko jarraipena izan duela adierazi du. Deialdia azken lan istripuen harira proposatu dute. Izan ere, hiru hilabete eskasetan, bi langile hil dira Michelinen, kontratetako langileak biak.

Greba dela eta, Michelin enpresako zenbait lekutan produkzioa gelditu egin behar izan dute. “Nabarmendu behar dugu soilik bi sindikatuk, LABek eta ELAk, gure hitza bete dugula eta Ferroser enpresako langileen ekimena Michelineko langileen batzordetik babestu dugula. Beste batzuek, ordea, beste alde batera begiratu dute eta bi sindikatu, CGT eta ESK, prekarietatea aho handiz salatu arren, grebaren kontra agertu dira zuzenean. Gure aldetik, pozik gaude LABeko kideek grebari eman dioten erantzunarekin”, azaldu du LABek berak.

Sindikatuak adierazi du oso garrantzitsua dela langileak prekarietatearen aurka aktibatzea. Hala, grebak horretarako abiapuntua izan behar duela azpimarratu du, “kontratetan bizi den prekarietatea garaitzeko, batez ere”.

LABek ezinbestekotzat jo du instituzioen esku hartzea egoera hauekin guztiekin amaitzeko: “Askotan, enpresa handiak eta multinazionalak saritzen ari dira, diru laguntzak eskaini, mota guztietako aitortzak eman, diskurtso hutsalak zabaldu, baina tutik ere ez dute esaten lantegi barruan gertatzen ari denari buruz, ezer ere ez langileek bizi duten prekarietateaz; aurpegi txarrak bakarrik langileak hiltzen direnean, Michelin enpresako kasuan bezala”.

Jarrera hau onartezina dela berretsi du sindikatuak. Instituzio eta alderdi batzuk prekarietatea babesten ari dira, eta LABek horiek interpelatu ditu. “Noiz pentsatuko duzue langileengan?”, galdegin die.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Sindikalismo ekosozialistarako proposamena aurkeztu du LABek

LABek hipotesi batean oinarrituta egin du bidea:posible da energiaren eta materialen kontsumoan desaztea eta langile sektore zabalentzat bizi baldintza onak eraikitzea, baina, horretarako, planifikazioa, jabetza publikoa eta langileen parte hartzea oinarri, merkatuak gidatuta garatu nahi den trantsizio eredua disputatzea beharrezkoa da.

LABek Nafarroako Artxibo Garaikideari bere dokumentazio eta kartelen zati baten lehenbiziko dohaintza egin dio

50. urteurreneko ospakizunen harira eta, batez ere, Nafarroako Parlamentuan otsailean izan zen 1974tik etorkizunera, LAB zabaltzen erakusketaren harira hasitako artxibo lanean sakontzeko, LABek bertze urrats bat egin du gaur langile borrokan eginiko bere ekarpenaren memoria gordetzeko asmoan, Nafarroako Artxibo Garaikideari eginiko lehenbiziko dohaintza baten bidez; zenbait dokumentu eta kartel eman dizkio.

LABek Aiala Vidrioren inposaketa salatu nahi du negoziazio prozesuan

Aiala Vidrioko zuzendaritza lan hitzarmen berria negoziatzeko prozesuaren hasieran erakusten ari den jarrera erabat onartezina dela uste du.