2024-12-23
HomeLAB Sindikatua9. Biltzar NagusiaEtxaide: “LAB berritu batekin iritsiko gara Biltzar Nagusira, etxeko lanak eginda”

Etxaide: “LAB berritu batekin iritsiko gara Biltzar Nagusira, etxeko lanak eginda”

“LABen lerro sindikala berritu dugu krisiaren eta erreformen kontra borrokatzeko, gure egiteko moduak eta langileekin lan egiteko erak egokitu ditugu, gure aldarrikapenak berritu ditugu lan eta gizarte egoera guztiz aldatu delako… LAB berritu batekin iritsiko gara biltzarrera, etxeko lanak eginda”. 

 
Sindikatuko idazkari nagusi Ainhoa Etxaideren hitzak dira horiek, LABen 9. Biltzar Nagusiaren aurkezpenean egindakoak. Batzorde Exekutiboko kideek agerraldia egin dute gaur goizean, Bilboko egoitzan, eta Biltzar Nagusiaren irudia aurkeztu dute bertan, baita leloaren berri eman ere: ‘LAB 4.0 Gure Garaia’. Era berean, Garbiñe Aranburu idazkari nagusi eta Igor Arroyo idazkari nagusi ondoko gisa proposatu dituztela jakinarazi dute, Ainhoa Etxaidek eta Jabi Garnikak lekukoa utziko dutela iragarri eta gero.

Maiatzaren 25 eta 26an izango da 9. Biltzar Nagusia, Gasteizen. LABek argi du Kapitalismoan ez dagoela ondo bizitzerik, eta proposamenak eta alternatibak eramango ditu biltzarrera egoerari buelta emateko. Sindikatuarentzat sozialismoan dago bizitza on bat edukitzea ziurtatuko duen sistema. Espazio ezkertiar soberanista sendo bat behar dugu, eta euskal sindikalgintzaren ekarpenak erabakigarria izan behar du espazio horren eraikuntzan. Hain zuzen ere, Euskal Herri Sozialista eraikitzeko feminismoa, ekosozialismoa eta independentismoa dira gakoak. Feminismoa, ideologia transformatzailea delako eta bakarrik horrela ziurtatuko dugulako eraikitzen dugun sistema guzti guztientzat izatea, gizonentzat zein emakumeentzat; ekosozialismoa, ezin dugulako bizitza duina eta ona kontsumoan eta neurririk gabeko produkzioan oinarritu; eta independentismoa, sistema berri bat eraikitzeko behar beharrezkoa delako Estatu burujabe bat izatea, Herriaren esku egoteko sistemaren gaineko boterea, Herria bere erabakiak hartzeko aske izateko.

 
Ildo honetan, LABek iritzi du hau dela garaia ezarri diguten sistema kapitalista aldatuko duen burujabetza prozesua abian jartzeko, aukerak ere badaudelako. Badago gehiengoa eta baditugu prozesua martxan jartzeko balio estrategikoa duen tresna: Karta Soziala. “Falta zaiguna aliantzak eta akordioak dira. Eremuz eremu lehenik, eta eremuen artean ondoren; eremu bakoitzaren errealitatea, eginkizuna eta autonomia aitortuz eta balioan jarriz guztien aldetik”, laburtu du Etxaidek.
 
Garai berrian, LABen lehentasuna prekarietateari aurre egitea eta langileriaren errealitatea aldatzea izango da. Gauzak horrela, borrokatzen ditugun irtenbideek ez dute lekurik bi estatuek inposatutako eredu politiko, ekonomiko eta sozialean. Izan ere, egoera sozioekonomikoa aldatzeko borrokak derrigor eramaten gaitu gaurko Estatu markoaren aldaketa borrokatzera. Erabakitzeko eskubideak lan mundura eta gai sozioekonomikoetara iritsi behar du horregatik, estatus politiko berria iruzurra ez izateko langileentzat.
 
Etxaideren arabera, “langileen egoera aldatu nahi badugu, sindikatuen arteko aliantzak behar ditugu. Ziur gaude aliantza ahalbidetuko duen estrategia sindikala definitzen ari garela kongresuari begira. Aliantza sendo eta egonkor bat eraikitzea da, gure ustez, LAB eta ELAren erronka nagusietako bat, euskal sindikalismoan ireki behar den garai berrian”.
 
Zuzendaritza berria, garai berrirako

Urte hauetan guztietan egindako lanak ekarri du LAB garai berrira. Kopuru historikoetan dago ordezkaritza eta afiliazioa, inoiz baino jende gehiago dago sindikatuko egituretan modu egonkorrean lanean, sektore publikoko eremu askotan lehen indarra da LAB… emaitzak begibistakoak dira. Sindikatuko zuzendaritzak baztertu egin zuen LAB berri bat arduradun nagusien kasara marraztea, bideak sindikatuak berak egitea baitzen asmoa, eta hala izan da. LAB osatzen duten kide guztiek marraztu dute.

Etxaidek adierazitakoaren arabera, “2008tik gaur arte, Jabi Garnika eta biok zuzendutako taldearen eginkizuna sindikatua eraberritzea zen, eta agindua bete dugu. Biltzarrera etxeko lanak eginda iritsiko gara, eta, gure arduren inguruko erabakia gure eskuetan dagoenez, lekukoa hurrengoei ematea erabaki dugu”.
 
Biltzar Nagusiak erabakiko du, baina “gaurtik esan dezakegu buruak nortzuk izango diren, ziur gaudelako sindikatuan aho batez babestuko duten proposamena dela”, erantsi du Etxaidek. Hain zuzen ere, Garbiñe Aranburu proposatu dute idazkari nagusi izateko eta Igor Arroyo, idazkari nagusi ondokoaren lekukoa hartzeko. “Ezagunak dira gainontzeko sindikatuentzat, baita komunikabide, patronal eta erakundeentzat ere. Talde berria izango da, baina ez dira berriak izango zuzendaritzan. Eskarmentua eta gaitasuna behar beste erakutsi dute”.

 
Azkenik, Jabi Garnikak eta Ainhoa Etxaidek berak LABeko kide guztiak eskertzeko baliatu dute agerraldia, “urte luze hauetan guztietan eman diguzuen babes guztiagatik”.

 

 


9. BILTZAR NAGUSIA
Maiatzak 25 eta 26
Gasteiz

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...