2024-07-22
HomeEkintza SindikalaNafarroa osoko 80 klaustrok babestu dituzte hezkuntza publikoko apirilaren 3ko grebaren aldarrikapenak

Nafarroa osoko 80 klaustrok babestu dituzte hezkuntza publikoko apirilaren 3ko grebaren aldarrikapenak

LAB, Steilas, CCOO, ELA eta UGT sindikatuetako ordezkariok, Nafarroako hezkuntza publikoan apirilaren 3ko grebaren deialdia egin genuenok, Hezkuntza Departamentura joan gara gaur, lanuztearen aldarrikapenei Nafarroa osoko 80 klaustrok eman dieten laguntza erregistratzera: ratioak jaistea, lan-karga murriztea, behin-behinekotasuna murriztea eta erosteko ahalmena berreskuratzea.

Deialdia egin dugun sindikatuok asteak daramatzagu Nafarroako ehunka ikastetxe eta institututan batzarrak egiten. Horietan, irakasleak aktiboki parte hartzen ari dira eta argi utzi dute aldarrikapen horiek gutxienekoak direla. Batzar horien ondorioz, sindikatuok 80 bat atxikimendu erregistratu ditugu gaur, ikastetxeek sinatuak. Klaustro horiek aldarrikapenekin bat egin dute eta Hezkuntza Departamentuari eskatu diote sindikatuekin negoziatzeko.

Hala ere, gogoratu behar da oraingoz Hezkuntza Departamentuak ez duela urratsik egin; argi utzi du ez duela negoziatzeko borondate zintzorik. Bere proposamen bakarra lan-taldeak sortzea izan da. Baina talde horiek, aurreko esperientziengatik, jakina da antzuak direla, eta ez dutela funtsik.

Apirilaren 3ko greba deitu dugun sindikatuok negoziatu nahi dugu, eta lehenbailehen egin nahi dugu. Bien bitartean, datorren astelehenean grebara joanen gara eta irakasleen aldarrikapenen beharra erakutsiko dugu ikastetxeetan eta kaleetan.

Greba eguneko mobilizazioen barnean, goizean, elkarretaratzeak egonen dira Altsasun (10:30, udaletxea), Tuteran (11:00, Foruen plaza), Donezteben (11:00, Mendaur), Lizarran (11:00, geltokia), Tafallan (11:00, Nafarroa) eta Iruñean (11:00, departamentua); azken horretara lau zutabe ailegatuko dira, 10:00etan Cuatro Vientosetik, Barañaindik, Mendillorritik eta Txantreatik aterako direnak. Arratsaldean. Iruñean manifestazio bat egonen da, 18:00etan, Gurutze Plazatik aterako dena; sindikatuok Nafarroako gizarte osoari deitzen diote horretara joateko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABeko kideak Mugak Zabaltzen karabanan

Balkanetara eginiko Mugak Zabaltzen karabanan parte hartu dute aurten ere sindikatuko hainbat afiliatuk. Ekimen horren helburua da salatzea Europa insolidario honek armak saltzen dituela eta bere mugak militarizatzen dituela.

Esparru propioa sendotu dute kurtso honetan LABek sustatutako ia 200 borroka sindikalek

Gorantz egin dute enpresetako gatazkek eta irekitako 10 borrokatik 4 itxita daude, eduki anitzagoekin.

Langileen aldeko politikak bultzatzeko eta zerbitzu publikoak hobetzeko eskatu diogu Pradales Lehendakariari

Osakidetzan langileen gehiengorik gabe herri itunik ez dela posible izango ohartarazi diogu.