2024-11-23
HomeEkintza SindikalaBasaurin prekarietatearen kontrako tresna eraginkorrak aldarrikatu ditugu: 35 ordu eta 1.200€

Basaurin prekarietatearen kontrako tresna eraginkorrak aldarrikatu ditugu: 35 ordu eta 1.200€

LAB sindikatuak 35 ordutako lan-astea eta 1.200 eurotako gutxieneko soldataren aldeko eta prekarietatearen kontrako 7 orduko mobilizazioa egin du gaur Basaurin. Ekimena sindikatuaren aldarrikapenetarako bozgorailua izan da: 35 ordu eta 1.200 euro. Eta aldi berean, giro eroso eta desberdin batean esperientziak zein gogoetak elkar trukatzeko aukera izan dute bertaratutakoek, eguraldi txarrak batere batere lagundu ez duen arren.

Goiz osoko egitaraua mantendu da, zazpi ordukoa (35ko lan-astea bada, egun bateko lan orduak), eguraldiagatik, ekintzak Trintxera plazatik Solobasoko karpara eramanda.

Goizeko 09:00etan abiatu da mendi-martxa, 7 kilometrotakoa, herritik Malmasineraino, AHTko proiektua inguruan izaten ari den eragina bertatik bertara ezagutzeko aukerarekin.

Prekarietatearen kontrako Ideia faktoria zabaldu da ondoren. Prekarietateaz, arlo ezberdinetatik dakarrenaz eta beroni aurre egiteaz aritu dira 8 hizlari dinamizatzailearen galderei erantzunez. Prekarietatearen aurpegi ezberdinetatik jaso ditugu lekukotzak, gazteria, Indusaleko emakumea diskriminazioaren inguruan, etxeko langileen egoera, autonomo faltsuak, pentsionistak, Incoesatik kaleratutako langabetua. 

Ainhoa Etxaide LABeko Idazkari Nagusiak ere parte hartu du solasaldian eta langileok boterea lortu behar dugula, politika publikoetan determinante bilakatuz. Parte hartzaile guztiek onartu dute 35 ordutako asteak eta 1.200 eurotako gutxieneko soldata itzelezko neurria izango zela duintasunaren alde eta prekarietatearen kontrako bororkan.

Bideo desberdinak proiektatu dituzte solasaldian zehar, LABen urteko ekimenik nabarmenenak jasotzen zituena eta lan osasunaren ingurukoa, besteak beste. Aurten Euskal Herrian lan-istripuz hildako 50 langileek ere lekua izan dute gaurkoan. Argazki eta propaganda euskarrien erakusketa ere ikusgai egon da egun osoan zehar.

Ondoren, mosaiko erraldoia osatu dute bertaratutakoek, “Zure ESKUbideak, actívate por tus derechos” esaldiarekin.

Barrikotea eta bertsolariak izan dira ondoren. Mokadu bat eta salda beroa hartuaz bertsoez gozatzeko aukera. Eta amaitzeko, rumba doinuak. 17:30etan Bilbon izan beharreko TTIP eta CETAren aurkako mobilizaziorako deia eginez amaitu dute 7 ordutako mobilizazioa Basaurin. 
  

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.