2024-11-22
HomeErrepresioaZapuztu nahi duten bake prozesuaren alde egiteko aukera eman behar diogu euskal...

Zapuztu nahi duten bake prozesuaren alde egiteko aukera eman behar diogu euskal jendarteri

LAB Mikel Irastorzaren atxiloketaren aurrean

Azken hilabeteetan ugariak eta oso interesgarriak izan dira eremu zibiletik hartu ditugun iniziatibak Euskal Herrian benetako bake egoera bat eraikitzeko. Hainbat eragile sindikal eta sozialek bat egin dugu gatazka garaiak atzean uzteko funtsezkoak diren gauzen inguruan. 

Urriaren 22an Donostian eratu zen Foro Sozial Iraunkorrean esandakoetatik, hiru konklusio nagusi atera ziren: armagabetzea egiteko baldintzak daudela, garaia dela preso politikoak etxeratzeko bidearen inguruan akordio zabalak egiteko; eta hainbeste urtez luzatu den gatazkak utzitako zauri latzak sendatzeko derrigorrez egin behar dugula bide bat guztien artean.

Bertan ginen eragileak eta norbanakoak bakearen alde lanean jarraitzeko prestutasuna adierazi genuen. Jendartearen aurrean konpromiso berriak bereganatu genituen bakea eraikitzeko agenda zehatz batekin lan egiteko. Eta alderdi politikoei eskatu genien euren eskutan zeudenak egiteko bake prozesuaren mesedetan, beraiei dagokielako euskal instituzioak bakearen alde lanean jartzea.

ETA Foro Sozialak marraztutako bidean urratsak emateko prest agertu delarik, erabaki horrekin lotzen dugu guk bart gaueko atxiloketa; ziur gaude horrela ikusten eta ulertzen dugula Donostian elkartu ginen guztiok, baita euskal herritar gehienak ere. 

Bake prozesua zapuztea Estatu helburu dute Estatu frantses eta espainolak, bistakoa da. Horrek eraman gaitu bakea eraikitzeko gure bide propioa marraztera. Erabaki zuzena hartu dugu. Baina zaila izango da bidea egitea ez baditugu eraso hauek salatzen, ez badiogu euskal jendarteari mobilizazio sozialaren bidez bake prozesua babesteko eta defendatzeko aukerarik ematen.

Hori dela eta, atxiloketa berri honek bakearen eraikuntzan laguntzeko prest gauden eragile sozial, sindikal eta norbanakoen erantzun bateratu eta sendoa eskatzen duela pentsatzen dugu LABetik. Eman ditzagun urratsak hori posible egiteko.

Afiliatuei eta euskal langile guztiei dei egiten dizuegu atxiloketa salatzeko deituko diren mobilizazioetan parte hartzera. Baita astelehenean salaketa hau lantokietan zabaltzera ere.

  

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.