Otsailaren hasieran ekin zioten langileek enpresa hitzarmen berriaren negoziaketari, eta 4 bileraren ostean, enpresak hasieratik erakutsi duen jarrera itxi eta atzerakoiari eusten dio. Atzo bezala, gaur goizean ere lanuztea eta mobilizazioa egin dituzte, eta beste horrenbeste egingo dute datozen egunetan ere, aste osoan zehar.
Tamalgarria eta arduragabea da enpresak negoziaketari aurre egiteko erakutsitako jarrera: soldatak eta plusak izoztea, urteko lanaldia igotzea eta bajen osagarrietan murrizketak onartu ezean ez duela hitzarmenaz hitz egingo defendatzen ari da. Hau guztia deslokalizazio eta enplegu suntsiketa prozesu betean. Lan baldintzen prekarizatze bat inposatu nahian dabil, eta ez dugu onartzen.
Egoera ikusirik, pauso bat aurrera eman eta mobilizazioekin hasi beste biderik ez dugu izan. Martxoaren 20an egindako langile batzarrean Indarreko langileok ia aho batez lanuzteekin hastea adostu genuen.
Ez dugu atzerapauso bakar bat onartuko eta ditugun aldarrikapenak argiak eta oinarrizkoak dira: KPIa bermatuko duten soldata igoerak, enplegu politikari dagokionez deslokalizazio eta enplegu suntsiketa prozesua gelditzeko neurri konkretuak, lizentzietan aurrerapausoak eta egutegietan gehienezko egun kopurua jartzea, besteak beste.
Egoera irauli eta hitzarmen duin baten alde, datozen egunetan lanuezteekin jarraituko dugu. Aste osoan zehar egunero ordubeteko lanuzteak egingo ditugu eta enpresaren aldetik jarrera aldaketarik ezean datozen asteetan mobilizazioak gogortuko ditugu.