Zerbitzu soziosanitarioak eskaintzen dituzten Gipuzkoako merkataritzako langileak dira GAES Amplifonekoak, eta lan hitzarmena 2008tik berriztu gabe dagoela salatu nahi dute. Hala, haien lan baldintzak eta soldatak eguneratu gabe daude orduz geroztik, eta azken urtean enpresari egoera hobetzeko hainbat proposamen egin dizkioten arren, behin eta berriz ezezkoa jaso dute. Bada, astebeteko greba hasi dute gaur, apirilaren 1era arte iraungo duena.
Eibar, Azpeitia, Ordizia, Irun, Orereta, Bergara, Hernani, Lasarte, Beasain edota Arrasateko dendak itxita egon dira goizean grebaren eraginez, eta lurralde mailako mobilizazioa egin dute goizean Donostian, Groseko GAES Amplifon dendatik abiatuta kalejira-piketea egin dutelarik. Ekintza hori grebaren egun guztietan errepikatuko dute. Enpresak 20 zentro eta 40 langile inguru ditu Gipuzkoan, eta gehien-gehienek bat egin dute deialdiarekin.
Orain arte, Gipuzkoako langileek aukeratutako ordezkaritza sindikala, LABena, probintzia-mailakoa zen, baina 2021ean, nazioarteko enpresa batek GAES erosi ondoren, negoziazio-esparrua Estatu mailara aldatu zen, eta bertako langileen aldarrikapenak gutxiengoa izatera pasatu ziren; izan ere, Estatuan, batzorde bat osatzen duten sindikatu nagusiak daude, eta langile guztiei eragiten dieten lan-arloko erabakiak hartzen dituzte. Sindikatuen arteko batzorde horretan ez dute oredezkaritzarik ez LABek, ez Gaes Amplifon Gipuzkoako langileek.
Azken egunotan hainbat bilera egin dituzte Enpresa Zuzendaritzarekin, beren lan baldintzek okerrera egitearen inguruan dituzten kezken berri emateko: “Gure eskaerak beti baztertu izan dira. Gure aldarrikapenei dagokienez, oso argiak dira: benetako negoziazioa nahi dugu Gipuzkoako langileentzat, gure egoera soziala eta laborala kontuan hartuko duena, gure lurralde-errealitatearekin bat etorriz”. Gipuzkoako metalaren merkataritzaren hitzarmen kolektiboa errespetatu eta aplika dadin eskatzen dute. Baina, era berean, soldaten berrikuspena eta eguneratzea ere bai, gaur egun pairatzen duten errealitate ekonomikoaren arabera (KPIaren gaineko soldata igoerak, alegia).
Horregatik guztiagatik, Amplifon Gipuzkoako langileek antolatu eta kalera ateratzea erabaki
dute, borroka sindikalaren bidez beren lan-eskubideak defendatzeko asmoz. Hala, martxoaren 27tik
apirilaren 1era arte astebeteko greba egingo dute.