2025-04-08
HomeEkintza SindikalaTelefonica arduradun, azpikontratazioak hil egiten du

Telefonica arduradun, azpikontratazioak hil egiten du

LABek, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuekin batera, elkarretaratzea egin du Telefonicak Gasteizen duen egoitzaren aurrean, enpresak bi hilabeteko epean bi lan-istripu oso larritan izan duen erantzukizuna salatzeko. Lehen lan-istripua urtarrilean gertatu zen, Donostian. Langile bat hil zen zuntz optikoa instalatzen ari zela etxebizitza batetik erorita.

Bigarren lan-istripua martxoaren 15ean gertatu zen Legution. Langilea larri zauritu zen telefono-linea bat konpontzen ari zela 10 metroko altueratik erorita.

Bi kasuetan, zauritutako langileak eta hildakoak azpikontratatutako enpresetan lan egiten zuten Telefonicako zerbitzuak emateko.

Telefonicak erabiltzen duen azpikontratazio masiboko politika kriminala salatu dugu, beste multinazional askok erabiltzen duten bezala. Azpikontratazio-politika kriminala da, langileen lan-baldintzak prekarizatzen dituena, eta langile zaurgarri hauek lan-istripua izateko arrisku handiagoa izatea eragiten duena. Azpikontratazioa arrisku faktore bat da. Lan istripu gehiago daude prekarioak diren lanetan, azpikontratazioaren kasuan bezala.

Langile horiei eskaintzen zaizkie lanik arriskutsuenak eta laneko babes- eta segurtasun-maila txikiena dutenak.

Zehazki, telekomunikazioen sektorean prekarietatea erabatekoa da, soldata oso baxuekin. Azpikontratazio-kate luzeko enpresa guztiak diruaren zati batekin geratzen dira, eta langileak lan pilo bat egitera behartzen dituzte, biziraun ahal izateko.
Hori guztia Telefonicak urtez urte etekin izugarriak aitortzen dituen bitartean. Patronalaren zekenkeriak laneko heriotzak eragiten ditu.

LABek, halaber, enpresa eredu hori zalantzan jartzen ez duen eta azpikontratazioaren gehiegizko erabilera eta lan-baldintzak prekarizatzea ahalbidetzen duen Eusko Jaurlaritzaren konplizitatea seinalatu nahi du.

Eta Osalani, Lan Ikuskaritzari eta Fiskaltzari ere eskatzen diegu beste alde batera begiratzeari utz diezaiotela, eta enpresa “boteretsuak” direnean ere inplika daitezela.

LABek gertatutakoa sakon ikertzeko eskatzen du eta behar diren erantzukizunak argitzea. Jakin ahal izan dugunez, Legutioko istripuaren kasuan, langilea egurrezko zutoin ustel bati lotuta zegoen, eta Telefonicaren erantzukizun zuzena da hura ondo mantentzea.

Azkenik, balioan jarri nahi dugu lan-istripuei erantzuteko protokoloak indarrean jarraitzen duela eta, egoera tamalgarri honen aurrean, sindikatuen arteko lankidetza inoiz baino beharrezkoagoa dela. LABek uste du protokoloa indartzeko garaia dela, lan istripuen arazo latza lehen mailako arazo politiko eta soziala bilakatu arte.

Lan istripu gehiagorik ez!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gutxieneko soldata eta pentsio propioak aldarrikatuko ditu LABek Maiatzaren Lehenean

Testuinguru global ezegonkorrari aurre egiteko, burujabetzaren beharra defendatu du Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak.

LABek bi epaiketa irabazi dizkio FCCri, garbiketa enpresa behartzen dutenak astero 48 orduko atsedena errespetatzera txanda aldaketarik gabe

LAB sindikatuak prentsaurrekoa eman du gaur goizean Iruñean, eta bertan eman du ezagutzera sindikatuak epaitegietan lorturiko garaipena, Nafarroa Garaian 48 orduko asteko atsedena aspalditik betetzen ez duen FCC garbiketa enpresaren kontra, eta orain bi epairi kasu eginez errespetatu beharko duena. Era berean, LABek irmoki salatu du langileen zati batek pairatzen duen diskriminazio egoera, enpresak babes judizial eraginkorrerako eta ukigabetasun bermerako duen eskubidea urratzen ari delako; gainera, bere ordezkaritza sindikalaren kasuan FCC askatasun sindikalerako eskubidea ere urratzen ari da.

LABek askatasun sindikala eskatzen du TUVISAn

Mobilizazioa egingo du ostiralean, apirilaren 11n, Gasteizen, TUVISAren aurrean (Agirrelanda, 2), goizeko 10:30ean.