Hala adierazi dugu gaur Bilboko Jesuitak ikastetxearen aurrean lan hitzarmen berrirako edukiak eskatzeko egindako
ordezkarien elkarretaratzean. LAB,ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok elkarretaratzea egin dugu gaur Bilboko Jesuitak ikastetxearen aurrean. Bertan ehundik gora ordezkari bildu gara.
Lan Hitzarmen berriaren negoziazio mahaia bloketatuta dagoela salatu dugu, patronalek edukien gaineko proposamenik ez dutelako mahai gainean jartzen.
Beraz, patronalen inmobilismoaren aurrean, mobilizazioei ekiteko erabakia hartu dugu. Gaurkoa mobilizazio hauen aurrenekoa izan da. Eta apirilaren 25ean greba deitu dugu. Lan hitzarmen berriaren negoziaketa prozesuan, 13 negoziazio bilera gauzatu ditugu
jadanik. 2022ko maiatzean hasi ziren negoziaketak, ia urte bete pasa da beraz.
Patronalek, ordea, ez dute inolako negoziaketarako borondaterik erakutsi. Are gehiago, jadanik aurreko Lan hitzarmenean lortutako eduki batzuen inguruan atzerapausoak planteatu dizkigute.
Azken negoziaketa mahaia otsailaren 2an izan zen. Bilera hura, hurrengo mahai baterako datarik gabe amaitu zen. Izan ere, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek oso argi adierazi zuten ez zutela edukien inguruko proposamenik egingo.
Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIaren araberako soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara
planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialak abordatzeko planak ere jomugan ditugu sindikatuok.
Gizarte Ekimeneko aurreko lan hitzarmenaren aldeko prozesuan sektore honetako langileek argi erakutsi genuen gure mobilizazio gaitasuna. Sindikatuok beraz, Lan Hitzarmen berriaren alde mobilizatzera eta borrokatzera deitzen ditugu langileak.
Gaurkoan, apirilaren 25eko greba egunean eta mobilizazioetan parte hartzera animatu ditugu sektoreko langileak.