2024-11-22
HomeIndustriaMetalgintzaCAFeko langileek lanuzteak egingo dituzte enpleguaren alde

CAFeko langileek lanuzteak egingo dituzte enpleguaren alde


Gaur, hilak 27, Beasaingo eta Irungo zentroetako enpresa-batzordeek deitutako batzarrak egin dira. Bertan Beasaingo altzairutegiaren egoerari buruzko informazio eman zaie langileei eta enpleguaren aldeko eta produkzioko azpikontratazioa handitzearen aurkako mobilizazioen proposamena luzatu da. Batzar honetan langileek azaroaren 3an, 8an eta 10ean 2 orduko lanuzteak egitea erabaki dute. 

Beasain eta Irungo CAFeko Enpresa Batzordeen oharra:

Gaurko egunez, Beasaingo eta Irungo zentroetako enpresa-batzordeek deitutako batzarrak egin dira. Batzar horiek bi puntu izan dituzte gai-zerrendan:

1. Beasaingo zentroko Altzairutegiaren egoerari buruzko informazioa.

2. Enpleguaren aldeko eta produkzioko azpikontratazioa handitzearen aurkako mobilizazioen proposamena.

Lehen puntuarekin lotuta, sekzio horretako jarduera eteteko 2017ko urtarrilaren 1eko data kentzeko Zuzendaritzarekin akordioa lortu dugula jakinarazi nahi da. Zuzendaritzak, Altzairutegiak dituen arazoak aztertu ahal izateko, aldez aurretiko baldintzarik gabeko elkarrizketarako gunea irekitzeko konpromisoa hartu du bere gain.

Bigarren puntuari dagokionez, datorren urteotarako aurrez ikusitako lan-kargak leheneratu ondoren, langileen eta enplegatuen kolektiboan enpleguaz hitz egitea presazkoa dela salatu dute. Horrekin lotuta, Zuzendaritzak ahal duen guztia
azpikontratatzeko dituen asmoak hasiera-hasieratik geldiarazi beharko lirateke. Etorkizun laburrera begira, horren inguruko aurreikuspenak aldekoak dira sail gehienetan: Bulego Teknikoa, ibilgailuen produkzioa, soldadura, elektrizitatea, muntaketa, pintura, logistika, mantentze-lanak…

Zuzendaritzak azpikontratazioaren aldeko apustua egin du karga-igoerari aurre egiteko formula gisa. Ondorioz, CAFeko instalazioetan modu iraunkorrean lan egiten duten kanpoko enpresen presentzia areagotu egin da eta erretiroa hartu duten
langileak azpikontratekin ordezkatu dituzte kasu batzuetan.

Batzordearen ustez, sail guztietan langileak falta dira arrazoi ugari dela eta. Jende gehiago falta da eta beharrak areagotu egingo dira bezeroen eskakizunekin eta kargekin.

Azkenaldian, hamarka tituludun kontratatu dituzte eta tituludun gehiago kontratatzen jarraitzeko hautaketa-prozesuak egiten ari dira. Hori guztia positiboa iruditzen zaigu, noski. Baina tailerreko langileen kontrataziorik ez da ikusten eta, esan digutenaren arabera, ez dago tailerreko langileak edo enplegatuak kontratatzeko aurreikuspenik.

Testuinguru horretan, errelebo-kontratuak rol garrantzitsua betetzen du. Errelebo-kontratua tituludunekin bakarrik egin dute azken urteotan. Irailean eskatu dugu hurrengo 2 urteotan Beasainen eta Irunen erretiroa hartuko duten kolektibo
horietako 79 pertsonak ordezkatu ahal izateko tailerreko langileak kontratatzen hasteko, baina eskaera horren inguruko erantzunik ez dugu oraindik jaso.

Baldintza ezegonkorragoak biltzen dituen azpikontratatzea geldiarazi ahal izateko, Zuzendaritza kontratatzen hastera behartzeko borroka egitea proposatzen dugu. Hitz gutxitan esanda, hauxe litzateke Zuzendaritzari bidaliko geniokeen mezua: “ekarri lana Beasainera eta kontratatu jende gehiago”.

Horregatik guztiagatik, Zuzendaritzari eskatzen diogu tailerreko langileak eta enplegatuak kontratatzen has dadila nolabait kargen igoera estali eta, era berean, 2017 eta 2018 urteetan aplikatu beharreko errelebo-kontratuak dagozkion datetan
egingo direla bermatu ahal izateko, tailerreko langileak tailerreko kontratazioekin ordezkatuta.

Horretarako, eta Zuzendaritzak konpromiso hori bere gain hartu arte, azaroaren 3an, 8an eta 10ean lanuzteko bi ordu egitea proposatu diegu batzarrei. Beasainen eta Irunen egindako bozketetako boto-kontaketa egin ostean, planteatutako mobilizazioak egitearen aldekoak izan dira nabarmen.

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.