2024-11-25
HomeEkintza SindikalaLan-zama areagotzen ez duen formakuntza adostua eta ikastetxeko autonomiaren araberakoa eskatzen diogu...

Lan-zama areagotzen ez duen formakuntza adostua eta ikastetxeko autonomiaren araberakoa eskatzen diogu EAEko Hezkuntza Sailari

Mobilizazio dinamika abiatu dugu gaur “Lan Zama gehiagorik ez, formakuntza adostua bai! Curri-digi: pertson@k helburu?” lelopean, EAEko Hezkuntza Publikoko irakasleei curri-digi izeneko formakuntzak sortutako noraeza, lan zama handitzea, eta ordutegiz gaindi lan egitea salatzeko. Araban hasi dira prestakuntza era adostuan antolatzeko eskatzeko egingo dituen mobilizazioak.

Goizean, Gasteizko Europa Jauregian Berrikuntza Arduradunek ikastaro bat jaso dutela-eta, protesta haraino eraman du LABek irakasle figura hauen funtzioak langileen ordezkariekin negoziatu behar direla eskatzeko. Egunean zehar, gainera, Arabako zenbait ikastetxetan eskaera berdina egin dute irakasleek: besteak beste, Gasteizeko Aita Orbison, Odon Apraizen, Mariturrin, Salburua eta Errekabarrin; Abendañoko ikastolan, Murgiako Oroko Andra Mari ikastetxean eta Maeztuko herri ikastetxean.

2022ko maiatzaren 26an beste sindikatu batzuekin batera LABek lortutako akordioari esker, Berrikuntzarako arduradunak ditugu egun eskola publikoetan. Irakasle hauen lana zentro bakoitzaren garapen metodologikoan bidelagun izatea beharko lukeen arren, bestelako eginkizunetan jarri ditu Hezkuntza Sailak; ikastetxe bakoitzaren beharrei kasu egin gabe eta baliabideak Europako funtsen exigentzia arrotzetara bideratuz.

LABen borroka beti izan da ikastetxeen autonomian sakontzeko tresnak eskuratzea eta horren baitan, ikastetxe bakoitzak beharrezko dituen formakuntzak identifikatu eta planifikatzea, Sailaren eginkizuna izanik horretarako baliabideak ahalbidetzea.

Horregatik, Hezkuntza Sailari eskatzen diogu formakuntzarako proposamen oro langileekin adostua eta aurrez planifikatua izan behar duela. Sekula ere lan zama handituz, lan-ordutegiaren barruan eta digitalizazioari dagokionez, 60 urtetik gorakoentzako salbuespenak eginez.

Gure ustez, euskararen normalkuntzarako, pedagogia feministarako, inklusiorako eta berrikuntza metodologikorako baliabideak dira lehentasuna Euskal Eskola Publiko Komunitariorako bidean.

Honengatik guztiagatik, gaurko mobilizazioaz gain, elkarretaratzeak deitu ditugu ostegunean  Bizkaiko eskola publikoetan eta hilaren 21ean Gipuzkoan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lantokietako indarkeria matxistari aurre egiteko politika eraginkorrak exijitu ditugu

Horretarako, eskari bana erregistratu dugu EAEko zein Nafarroako lan ikuskaritzetan eta mobilizazioak ere egin ditugu Gasteizen eta Iruñean.

Munduko Federazio Sindikaleko Gazteen 4. Kongresuan parte hartu dugu

LAB sindikatuak Munduko Federazio Sindikalaren (MFS) Langile Gazteen 4. Kongresuan parte hartu du, azaroaren 22tik 23ra, Marseillan. "Gazte langile antolatuak eta militanteak, lan eta bizitza duin baten alde" lelopean, Kongresuak kontinente guztietako 29 herrialdetatik etorritako 45 sindikatutako ordezkariak bildu ditu.

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.