2024-11-27
HomeEkintza SindikalaMugimendu feministak greba orokor feministarako eginiko borroka-planteamenduarekin bat egiten du LABek

Mugimendu feministak greba orokor feministarako eginiko borroka-planteamenduarekin bat egiten du LABek

Greba Orokor Feministarekin bat egiteko proposamena eramango du LABeko zuzendaritzak martxoaren 23ko Nazio Biltzarrera.

Aurtengo martxoaren 8an bizitza sostengarri egiten duten emakumeak ditugu gogoan eta bereziki, zaintza dugu hizpide. Izaki interdependienteak, ekodependienteak gara. Pertsona guztiok ditugu zaintza beharrak, zaintza duina jasotzea oinarrizko eskubide soziala da.

Egun, zaintza duinerako eskubidea ez dago bermatua eta zaintzaileen egunerokoa latza da: soldata baxuak, lan zama jasanezinak, karga emozional handia, lan osasunaren urraketa, azken batean prekarietatea eta esplotazioa.

Egoera guztiak izanik ere bidegabeak, are muturrekoagoan daude etxeko langileak, emakume migratu eta arrazializatuen presentzia handiarekin. Erregimen berezia dute, eta horren ondorioz, gainerako langileek baino eskubide gutxiago. Negoziazio kolektiborako eskubidea urratua dute, Atzerritar Lege arrazisten eraginpean daude.

Gure jendartean dugun arazorik larrienetakoa da zaintza krisiarena. Zaintzarako sistema publikorik ez da inoiz garatu. Sistema kapitalista cis hetero patriarkalak ez du horretarako beharrik izan, lan hauek emakumeen bizkar gainean utzi izan dira, eremu pribatuan eta familia nuklearrean sustengatuak.

Zaintza krisiak erantzunak eskatzen ditu. Zaintzaren errealitatea iraultzeko borrokan ari gara eta badira premiazko aldarrikapenak: borrokan dauden zaintzako langileen lan hitzarmenak eguneratzea, zaintzarekin negoziorik ez egitea eta pribatizaturiko zerbitzu publikoak publifikatzeko plana, etxeko langileen egoera erregularizatu eta negoziazio kolektiborako eskubidea bermatzea.

Neurri guzti hauekin batera, Zaintza Sistema Sistema Publiko Komunitarioa ezinbestekoa da; zaintza lanak demokratizatu eta duindu egin behar dira, eskubide unibertsal gisa aitortu. Bide horretan, borroka sindikalak hauspotzen jarraituko dugu, eta adostasunak zein aliantzak sustatzen, izan sindikatuen artean, izan Mugimendu Feministarekin.

Zaintzaren inguruan eztabaida politiko eta soziala sustatu eta kontsentsu sozialak lortzeko garaia da. Horregatik, bat egiten dugu, Mugimendu Feministak, Greba Orokor Feministarako bidean egindako borroka planteamenduarekin.

Datorren, Martxoaren 23an, Nazio Biltzarrera —Biltzar Nagusien artean, LABen zuzendaritza organo gorena— Greba Orokor Feministarekin bat egiteko proposamena eramango dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Mobilizazio zaratatsua egin dugu Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean Fekoor-eko hitzarmen propioaren alde

Aniztasun funtzionaleko enpresa honetako langileek asteak daramatzate lanuzteak egiten eta hitzarmen propioaren alde mobilizatzen. Gaur, 2 ordutako kontzentrazio zaratatsua egin dute Bilbon, Foru Jauregiaren aurrean, eta euren lan baldintzen hileta antzeztu dute. Abenduaren 3an ere mobilizatuko dira, Aniztasun Funtzionalaren Nazioarteko Egunean. Egun horretan, manifestazioa egingo dute 9:30ean, Aldunditik hasita Alhondegiraino, bertan ekitaldia egingo baitu enpresak 12:00etan hainbat gonbidatu instituzionalekin.

Balenciagako langileek mobilizazioei ekingo diete, ontziolaren etorkizunaren alde

Prentsaurrekoa egin dute gaur Zumaian, eta enpresaren itxieraren aurkako manifestazioa iragarri dute. Azaroaren 29an izango da, 18:00etan, ontziolatik abiatuta. Era berean, abenduaren 4an Gasteizen mobilizatuko dira, Jaurlaritzaren inplikazioa eskatzeko.
00:01:43

Osakidetzaren pribatizazio politika salatu dugu kontratazio publikoari buruzko jardunaldian

Gaur, Osakidetzako zuzendaritzako kideek jardunaldia egin dute Bilboko Bizkaia Aretoan. Hainbat erakundetako gerente, zuzendari, arduradun, abokatu eta idazkariak Bilbon bildu dira kontratazioaren inguruko gogoetak egiteko, eta LABetik Osakidetzaren kontratazio politika salatu dugu. Horrela, kanpokaldean kontzentrazioa egin dugu eta sindikatuko bost militantek hitzartzeetako bat eten dute pribatizazioaren kontrako kartelak erakutsi eta leloak ohikatuz.