2024-11-22
HomeIndustriaMetalgintzaLABek ez du onartzen CAFeko altzairutegia isteko asmoa

LABek ez du onartzen CAFeko altzairutegia isteko asmoa

CAFeko zuzendaritzak enpresa-batzordeari jakinarazi dio heldu den urtarrilaren 1etik aurrera enpresako altzairutegi historikoaren instalazioan altzairua ekoizteari uzteko asmoa duela. LAB altzairutegiko jarduera eteteko planaren aurka dago; izan ere, CAFeko zuzeneko 40 lanpostu eta gure instalazioetan iraunkorki lan egiten duten azpikontratetako beste 7 lanpostu galduko dira. 

Zuzendaritza salatu nahi dugu, halaber, bere proposamenean pertsona horiek aipatu ere egiten ez dituelako, gure artean urte luzez aritu badira ere. Salatu nahi ditugu helarazi diguten informazio eskasa eta kostu baxuko herrialdeetara ekoizpena eramateko erakutsitako presa. Lehen ere gauza bera gertatu izan da CAFen beste hainbat produkturekin.

LABk ez du jarduera-eten hori onartzen, eta aurkezten zaizkigun arazoak ezagutzeko eta horiei eman dakiekeen konponbidearen inguruan gure iritzia emateko eztabaida bat zabaltzea exijitzen dugu. Horregatik, iragarritako etena ez gauzatzea exijitzen dugu. LABen iritziz, CAFeko altzairutegiak inbertsio garrantzitsua behar du gerora begirako apustua izango bada. Zuzendaritzak, dagoeneko, kalkulatua du inbertsio hori: 15 milioi euro. Alabaina, ez du inbertsio hori egin nahi, altzairua kanpoan erosita merkeagoa dela argudiatuta. Hortaz, enpresak berak aitortzen du altzairutegiak baduela etorkizunik; betiere, aipatu inbertsioa egiten bada. Neurri horrek enpleguak suntsitzen baditu ere, enpresak ekoizpena kanpora aterata mozkin gehiago lortu nahi ditu. Horixe da arazoa.

Horrez gain, CAFk irabaziak izaten jarraitzen du. Beraz, bada dirurik Euskal Herrian enplegu duinaren aldeko apustua egiten jarraitzeko. Zuzendaritzari, behar den denborarekin azterlan hori aurkeztea eta prozesu bat zabaltzea exijitzen diogu, egon daitezkeen irteera guztiak analizatzeko, ekoizpenaren dibertsifikazioa barru.

LABek zuzendaritzari eskatzen dio inposatu digun prozesu hori eteteko, gatazka handiagotara joan gabe.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.