2025-01-03
HomeEkintza Sindikala4 eguneko lanasteaz Idoia Mendiaren proposamenak propagandatik asko du LABen ustez

4 eguneko lanasteaz Idoia Mendiaren proposamenak propagandatik asko du LABen ustez

LABek jardunaldi murrizketaren inguruko eztabaidari premiaz heldu behar diogula uste du, eta horretan ari gara aspalditik: LABek eremu desberdinetan lanaldi murrizketa proposamenak egin izan ditu, patronalari, instituzioei, lan eta enplegu sailari eta Idoia Mendia sailburuari ere bai, zuzenean. Ez batzuek, ez besteek, orain arte ez dute eztabaida horri heltzeko borondaterik adierazi.

Euskal Herriko langileriak bere lan jarduna murriztea ezinbestekoa dela uste dugu, egungo lan jardunaldia ez baita bizitzarekin uztargarria. Lanaldiaren eztabaidak euskal langileon erronka desberdinei erantzun behar die: ekarpena egin behar du langileen lan eta bizi baldintzak hobetu eta enplegua banatzeko; ekarpena trantsizio ekosozialistak eskatzen dituen erronkei heltzeko bidean, eta bizitza sostengatzeko hain beharrezkoak ditugun zaintza lanak burutu eta denon artean banatu ahal izateko ezinbesteko baldintza da.

Banaketa hirukoitzaren norabidean urratsak eman behar direla uste dugu: aberastasuna, zaintzak eta enplegua banatu behar dira, eta jardunaldiaren murrizketa bide horretan kokatzen dugu.

Proposamen zehatzak eginak ditugu bide horretan, tartean, lan jarduna astean 30 ordura murriztearena. Eta, besteak beste, eduki hori barnebiltzen duen lanbidearteko akordioarako proposamena ere egina dugu LABetik. Orain arte inongo erantzunik ez dugu jaso.

Orain, elkarrizketa sozialera eraman nahi du bere proposamena. Mendiari mahai antidemokratiko horretan herri honetako gehiengo sindikalak ez duela parte hartzen gogorarazi behar diogu. Era honetako eztabaidek bestelako prozesu, marko eta akordioak eskatzen dituzte. Propaganda kanpaina gutxiago eta eztabaida serio gehiago.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

[IRITZIA]: UPNren boto emaileak eta fiskalitatea

Imanol Karrera LABeko Nafarroako bozeramaileak fiskalitatearen inguruko iritzi-artikulua idatzi du.

Gutxienez 63 langile hil dira lan-istripuan 2024an

Gaur, urtarrilaren 2an, jakin dugu I.P.C. 41 urteko langilea hil zela abenduaren 30ean Zornotzako Forest Trafic SL enpresan. Hildako langilea inbentario-lanak egiten ari zen biltegian orga jasotzaile batekin, eta garraiatzen ari zen zamaren zati bat gainera erori zitzaion, ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik.

LABek grebara deitu du Linacal iturgintza enpresan, zuzendaritzak langileei entzungor egiten jarraitzen duela uste baitu

LAB sindikatuak Barañaingo (Nafarroa) Linacal iturgintza enpresako zuzendaritzaren jarrera onartezina salatu nahi du, langileek euren lan baldintzak hobetuko dituen enpresa itun bat negoziatzeko eginiko...