Nafarroako osasun sistema publikoak (Osasunbidea eta Nafarroako Osasun Publiko eta Lan Osasunaren Institutua) okerrera egin duenez eta Osasun Departamentuak antolamendu-, lan- eta enplegu-baldintzak hobetzeko bere langileen eskariak ez dituenez aintzat hartzen, Osasunbideko eta NOPLOIko langileen gehiengoa ordezkatzen duten sindikatuek, Nafarroako Osasun Plataformarekin batera, mobilizatzera deitu dute, sistema horren alde, sistema horren desegitea eta pribatizazioa gelditzeko, eta langileen lan baldintzak hobetzearen alde.
Osasun sistema publikoak herritarrei eman behar dien zerbitzuaren kalitatea zein bertako langileen baldintzak okertu dituzten ekintzen eta ez-ekintzen erabaki katea luzea da. Narriadura hori ez zen atzo hasi; 2008an hasitako krisiaren murrizketa-politiketan oinarritzen da. Pandemia, bertan azaleratutako ahuleziei aurre egiteko aprobetxatu beharreko esperientzia izan beharrean, Osasun Departamentuari bere estrategia pribatizatzailean sakontzeko aitzakia gisa balio izaten ari zaio. Pandemia baino lehen, Departamentua zuzentzen duten egungo arduradunek behin eta berriz defendatu zuten lankidetza publiko-pribatuan aurrera egiteko beharra, eta, beti bezala, negozio pribatuaren aldeko apustua bertzerik ez da, baina diru publikoarekin finantzatua.
Zenbakiek erakusten dutenez, populazioaren gehiengoak babesten duen osasun-sistema publikoa indartu beharrean, egungo legegintzaldian, diskurtsoak gorabehera, izoztu eta mantendu du Osasun Departamentuaren infrafinantziazio historikoa.
- Lehen Arretaren beharrak betetzeko eskaerei entzungor jarraitzen dute, eta Osasunaren aurrekontu osoaren %15arekin segitzen du, nahiz eta %25a behar lukeen.
- Irtenbide teknokratikoak bilatzen jarraitzen dute, hala nola telelaguntza, arreta presentziala bermatuko duten plantillak handitu beharrean. Eten digitala dela eta, arretaren desberdintasunak areagotzen dituzten irtenbideak dira horiek, biztanleria talde ahulenei negatiboki eragiten dietenak eta desberdintasun argiak sortzen dituztenak.
- Zentro pribatuetarako deribazio asistentzialen eta proba diagnostikoak sistematikoki kanporatzearen aldeko itunen urteko aurrekontua handitzen jarraitzen dute
- Osasun mentalaren, lan-osasunaren edo aho-hortzetako osasunaren gabezia historikoez paso egiten jarraitzen dute.
- Osasun Departamentuak ikerketa-baliabideak ahulak izaten jarraitzen du, baina Gobernuko bertze sail batzuek, hala nola Garapen Ekonomikoak edo Berrikuntzak, negozio pribatuen zerbitzura dauden ikerketa-ildoetarako aurrekontuak handitzen segitzen dute.
- Zahar egoitzak publifikatzeko eta Osasun Departamentuarekin koordinatzeko neurrien aldeko paralisiak jarraitzen du, inbertsio-funtsen eta enpresa multinazional handien negozioa ezkutuan finantzatuz.
- Enplegu eta lan baldintzen narriadurak bere hartan jarraitzen du, eta hauek osatzen dute: behin-behinekotasun orokorra, langile-falta desorekatua, plantillaren erosteko ahalmenaren galera, lan-gainkargak, lana eta familia bateratzeko neurririk eza, errotuak eta jada ohikoak diren lanaldi-luzapenak, lan-absentzien ordezkapenik eza… Inguruabar horiek guztiak bidegabeak eta justifikaezinak dira eta modu negatiboan eragiten diete langileen osasunari, eta horrek badakar baja medikoen ugaritzea, langile falta are gehiago larriagotzen duena.
Deskribatutako lan-egoeraren ondorioz, zerbitzuen kalitatea ere okertu egin da, eta horrek ekartzen du ospitaleko itxaron zerrendak handitzea, diagnostikoak atzeratzea, landa-eremuetan profesionalik ez egotea, aurrez aurreko arreta ezin lortzea; azken batean, desberdintasunak areagotzea.
Hainbat gizarte-erakundek eta langileen ordezkaritza sindikalak urteak daramatzate gabezia horiei guztiei aurre egiteko eskatzen. Baina eskaera horren aitzinean, zer aurkitu dugu? Osasun departamentuak gidaturiko izaera korporatibo eta klasista duen negoziazio absurdu bat, behar lituzkeen negoziazio mahaietatik kanpo egina, berresten duena osasun sistema publikoaren narriadura estrategia baten parte dela, hura desegiteko eta pribatizatzeko. Estrategia horri aurre egin behar dio Nafarroako gizarteak bere indar guztiekin, hala kalean, zein lantokietan eta hautetsontzietan.
Hartara, hauxe exijitzen dugu osasun sistema publikoa unibertsala eta bakarra izan dadin, Lehen Arretan oinarritua egon dadin, prebentzio orientaziokoa eta osasunaren sustapenekoa izan dadin, ikerketa publikoa bultza dezan, eta bere langileen enplegu eta lan baldintza duinak berma ditzan:
- Osasun Departamentuaren finantziazioa handitzea.
- Lehen Arreta birfundatzea, sistemaren benetako ardatza izan dadin, behar adina baliabide eta finantzazioa emanez, laguntza profil profesional berriak sartuz, laguntza jarduera guztiak garatu ahal izateko: arreta soziosanitarioa, osasunaren sustapena, osasun komunitarioa, irakaskuntza eta ikerketa.
- Diziplina anitzeko talde lana indartzea, lanbide kategoria guztiak duinduz eta aitortuz.
- Plantilla guztiaren erosteko ahalmena berreskuratzea eta hobetzea.
- Enplegu egonkorra, behin-behinekotasuna %8ren azpitik egonda.
- Guztiontzako karrera profesional justua, helburu kolektiboen alde lan egitea benetan erraztuko duena eta soilik zenbait estamentutarako antzinatasun osagarria izateari utziko diona.
Aurreko arrazoi horiengatik guztiengatik, hemen bildutako sindikatuok eta Nafarroako Osasun Plataformak mobilizazio hauetan parte hartzera dei egiten diegu Nafarroako biztanleei:
- Batzar sindikalak Osasunbidearen eta NOPLOIren zentroetan.
- Martxoak 15: elkarretaratzeak Nafarroako osasun etxe, kontsultategi eta ospitale guztietan eta NOPLOIren bi egoitzetan.
- Martxoak 18: manifestazioa Iruñean, Golem-etatik 17:30ean.
- Martxoak 23: greba Osasun Departamentuaren zentro guztietan.
Mobilizazio horien arrakastaren baitan dago osasun-sistema publikoa hondatu eta pribatizatzeko estrategiak porrot egitea. Sistema hori galtzeak Nafarroako populazio osoaren bizi-baldintzak eta osasuna nabarmen hondatzea ekarriko luke.