Berriz ere sindikatu bozkatuena izan gara eta LAB sindikatuak atzoko hauteskundeetan jaso dituen 237 botoetako bakoitzak balio izan digu baieztatzeko orain dela urte batzuk gure lan sindikala aurrera eramateko aukeratutako bidea egokia zela.
Bide horretan informazioa eta langileon parte hartzea, arloz arloko asanbladak, pribatizazioen kontrako borroka, gure eskubideen defentsa, hurbiltasuna eta zintzotasuna mugarritzat hartuta gabiltza , bide zuzena delakoan eta gure helburuak lortzeko asmotan: gure lan baldintzak hobetzea eta zerbitzu publikoen defentsa. Bide batez, gure harri-koskorra ekarri nahi dugu sindikalismoa berriro eraldaketa sozialerako tresna eraginkorra izan dadin eta galdu duen zilegitasuna berreskuratu dezan.
Horregatik, atzo eskuratu genuen emaitzak akuilatuta, sail sindikal hau langile guztion defentsan lanean segitzeko prest dago, are eta indartsuago.
Gure ibilbidean zehar beti izan gara oso argiak gure lan sindikalak ardatz duen filosofia azaltzeko orduan: aitzinean daukagun mintzaidearengan elkarrizketarako jarrera irekia eta eraikitzailea ikusiz gero guk aukera probestuko dugu eta elkarrizketarako irekiak eta eraikitzaileak izanen gara. Jarrera horiek ikusi ezean, aitzitik, beligeranteak eta gogorrak. Baten batek ez du hau ulertu nahi eta hiz egiten du “administrazioarekiko afinitateaz”. Are gehiago, beste batzuek beren burua aurkezten dute “independientetzat” edo “apolitikotzat” ( Jakina,“LABekoak ez bezala”, adierazi nahi dute). Baina gibel-asmoz betetako diskurtso hutsaletatik haratago, esaten duguna egia dela frogatzen duten hamaika adibide aurki daitezke azken urte hauetako gure eguneroko lanean. Ez dugu gustuko langile edo borrokalari plantak egitea hauteskundeak hurbiltzen direnean, ardura gaituena baita gure lan hobetzea eta ahalik eta eraginkorrena izatea , makina bat gauza lortzeke daude eta.
Hauteskunde-prozesu amaiezin honek dezente higatu gaitu. Sindikatu batzuk beren saltsan daude politikakerian eta azpijokoetan, baina azken hilabeteetan gertatu dena sindikalismoak izan behar ez duenaren adibide ezinhobea izan da, gure ustez. Gainera, behin baino gehiagotan zapore garratza utzi digu, langileon lan baldintzetan isladarik izango ez zuten orduak eta orduak kontu hauetan ematen ari ginela ikusita. Makurrena zera da; badirudi zentzugabekeria etengabe hau ez dela oraindik amaitu. CSIF sindikatuak hauteskundeen aurkako helegitea jarri du, hauteskunde egutegiaren publizitate nahikorik egin ez dela argudiatuta. Publizitate falta horren ondorioz ez omen dute hauteskundeen berririk izan…Hurrengo asteetan jakingo dugu ea ikuskizun negargarri honi bukaera ematen zaion ala ez…
Honen guztiaren aurrean mezu positibo bat zabaldu nahi dugu eta aldarrikatu nahi dugu beste sindikalismo batek urteak daramatzala lanean alternatibak eraikitzen, gure lan baldintzak hobetzen eta zerbitzu publikoen defentsan. Eta orain gainera , hautetsontzietan adierazitako zuen sostenguak lan egiten jarraitzeko bihotz ematen digu, gure printzipioetan inoiz baino sendoago. Eskerrik asko.
|