2024-11-22
HomeEkintza SindikalaAldundian mobilizatu gara Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko greba egunean

Aldundian mobilizatu gara Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko greba egunean

Otsailaren 27an eta 28an eta martxoaren 8an hiru greba egun deitu ditugu Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan. Gaur, asteko lehen greba egunan, Bilbon mobilizatu gara, ETBren egoitzatik Bizkaiko Foru Aldundiraino, sektore honetako langileek bizi duten egoera larria salatzeko. Bihar asteartea, otsailaren 28an, egingo dugu asteko bigarren greba eguna eta mobilizazioa egingo dugu 10:30ean Bilbon, Lan Harremanen Kontseilutik (Urkixo Zumarkalea, 2) Udaletxeraino.

Sektorean 7 urte baino gehiago daramate hitzarmenik gabe. Ez da kasualitatea, beste behin ere, ia langile guztiak emakumeak diren eta patronalak zaintza-zerbitzu publikoa ematen duen sektore batek negoziazioa blokeatzea eta erakunde publikoek emakume langileen prekaritatea ahalbidetzea.

Gure ustez onartezina da patronalari zerbitzu-ordu bakoitzeko 2016an baino %20-23 gehiago ordaintzen zaion bitartean, enpresa horiek %3,6ko soldata-igoera eskaintzea 2025era arte. 2022ra arte, izan ere, langileei %16,6 garestitu zaie bizitza.

Salatu dugu diru publikoa kudeatuz etekin handiak lortzen dituzten enpresa horiek benetako enpresa putreak direla, eta kontratatzen dituzten udal eta mankomunitateen pasibotasuna dela hori ahalbidetzen duena.

Zuzenean galdetu nahi diegu udalei eta mankomunitateei Bizkaian Etxez Etxeko Laguntzaren (EEL) sektorean lan egiten duten 1.500 emakume baino gehiagoren baldintzak prekarizatzen dituzten enpresen poltsikoak betetzen jarraituko ote duten. Hala, kalitatezko zerbitzu baten aldeko apustua egitea eskatzen du sindikatuak, egungo ereduak prekarietatea baino ez baitakar, bai langileentzat, baita zaintzen dituzten pertsonentzat ere.

2016tik 2022ra bitartean, EELko langileek 361 euroko galera metatu zuten hileko soldatan, hau da, 4.336 euroko galera metatua urteko soldatan 2022ra arte.

Hala ere, sektore honetako enpresa putreek hilean 72 euroko igoera eskaintzen diete, atzerapenik gabe, hau da, urteko soldata 868 euro igotzea 2025era arte.

KPIaren igoera (2016-2022)361, 38 € hilean4.336,60 € urteko soldata
Patronalaren proposamena (2016- 2025)72,36 € hilean868,36 € urteko soldata

Lanarekiko aitortzaren alde borrokatzen dugu, eta aitortza hori lan baldintzen hobekuntzak dira. Erosteko ahalmena berreskuratzea, gaixotasunagatiko bajen osagarriak, lanaldi partzialen prekarietatearen aurkako akordioak, lanaldi minimo bat eta lanaldi hori handitzen joateko mekanismo argi eta objektiboak ezarriz, kontratuen finkotasunak, laneko osasunaren arloan arrisku psikosozialei (estresa, erasoak) buruzko akordioak eta kontziliazioa hobetzea zerbitzuak multzokatzearen bidez, besteak beste.

Benetako batasun sindikal baterako deia egiten dugu. Uste dugu beharrezkoa dela borroka bateratua, gutxieneko akordio batean oinarritua. Proposamen bat helarazi genien idatziz sindikatu guztiei. Horren bidez, KPIaren berreskurapenaren azpitik dagoen ezer ez sinatzeko gutxieneko akordio bat eta mobilizazio bateratuen proposamena egin zuen. Baina beste sindikatuek ez zuten onartu. Guk, gutxieneko akordio hori gabe, ez dugu benetakoa ez den batasunaz mozorrotu nahi izan. Bada, publikoki konpromisoa hartzen dugu aktiboki batasun sindikala lortzeko saiatzen jarraitzeko.

Amaitzeko, deialdi honekin 62 greba egun egin ditugu, eta gehiago deituko ditu mahai gainean beste eskaintzarik ez badago. Udalak gatazka honen konponbidearen erantzule egiten ditu, eta erakunde horiekiko interpelazioa areagotzen joango dira, haiek direlako patronalei hitzarmenaren blokeoa ahalbidetzen diotenak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.