2024-11-22
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaMurrizketak salatzeko elkarretaratzeak burutu ditugu

Murrizketak salatzeko elkarretaratzeak burutu ditugu


SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok Gurutzeta, Txagorritxu eta Donostiako Ospitaleetan elkarretaratzeak egin ditugu, Osakidetzako lan-baldintzak eta arreta-kalitatea okertu dituzten murrizketak salatzen jarraitzeko. Bestetik, dei egiten diegu alderdi politikoei murrizketa horiek guztiak igandeko hauteskundeen ostean kentzeko konpromisoa har dezaten.

Euskal osasun publikoak mota guztietako murrizketak jasan ditu azken lau urteotan. Osakidetzak 3.000 lanpostu baino gehiago suntsitu ditu, pertsonaleko ordezpenak gutxitu, soldatak izugarri jaitsi, gaixotasuna zigortu… Eta, gainera, itxaron-zerrendak luzatu dira, lan-kargak handitzearen ondorioz arreta-kalitatea gutxitu da, oinarrizko zerbitzuak —larrialdiak, besteak beste— gainezka daude, edo txertoen hornikuntzan eskasiak gertatu dira…

Bidegabekeria horien aurka Gurutzetako, Txagorritxuko eta Donostiako ospitaleetan, irailaren 22an goizeko 11etan burutuko diren kontzentrazioetan parte hartzera dei egiten dugu.

Osakidetzako Zuzendaritzari joera hori zuzentzeko exijitzen diogu, eta batez ere, alderdi politikoei eskatu nahi diegu irailaren 25a baino lehen argitzeko, ea murrizketa-politika horrekin amaitzeko asmorik duten, edo osasun pribatuaren mesedetan gure osasun publikoa ahultzen jarraituko duten. Osakidetzako langileek ere merezi dute jakitea zer gertatuko zaien irailaren 25etik aurrera. SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok mobilizazio-deia egin dugu, murrizketa horiei aurre egiteko, eta mobilizazioak bultzatzen jarraitzeko gure asmo irmoa azaldu nahi dugu, orain arte egindako murrizketak lehengoratzeko, eta murrizketa bakar bat ere gehiago egiten ez uzteko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.