LABek prentsaurrekoa eskaini du gaur Gasteizen MERCEDES BENZ enpresaren egoera ekonomikoaren inguruan egin dugun azterketaren ondorioak azaltzearekin batera, hitzarmenaren gaur egungo egoeraren berri eman eta sindikatuak horren inguruan egiten duen irakurketa helarazteko. Lan zama eta egoera ekonomikoari erreparatuta Mercedes inoiz ezagutu den egoera onenean dago, eta hala ere, gezurra badirudi ere, Gasteizko lantegiak ez du egun jasaten duen prekarietatea sekula pairatu.
Mercedes eredua: prekarietate gehiago etekinak handitzeko
AZTERKETA EKONOMIKOA
MERCEDES BENZek emaitza historikoak lortu ditu:
− Fakturazioa: 4.306 mill. €, 2014an baino %25 gehiago
− Etekina: 77 mill. €, 2014an baino %30 gehiago
− DAIMLER AG: 9000 mill €ko etekina, automozioan 3.a; munduko 43.a
− Dibidendoa: 3,25€/akzioa, inoizko handiena (normalean 2€)
KOSTE SOZIALA: fakturazioaren %5,55a, industriako enpresetan %10-%30 izaten da
2016an 137.000 unitate ekoiztuko dira, 2017an gehiago, beraz etekin handiagoak
Halere, MERCEDESen apustua da koste soziala mugatzea, inolako arrazoirik gabe
MERCEDES EREDUA: gero eta etekin gehiago, koste soziala txikiagotuz. Aberastasuna pilatzen du lan legeak errazten diotelako, sindikatu batzuk laguntzen diotelako eta instituzioek babesten duelako.
LAN EGOERAREN AZTERKETA
Ebentualitatea %40a da, 2000 langile inguru (guztira 5000 dira)
− lanpostu estrukturalak dira
− Diskrimatzen dituzte: soldata eskala bikoitza
Lan erritmoak jasangaitzak dira
Malgutasuna izugarria: egunean 9 lan ordu, astean 53 edo 45 ordu.
Externalizazioa: berezko lanak kontraten bidez egiten dira
MERCEDES EREDUA: prekarietatean, ebentualitatean eta esternalizazioan oinarritutako enplegu politika.
HITZARMENAREN NEGOZIAZIOAREN EGOERA
Blokeoan dago, enpresak ez du gehiengoarekin negoziatu nahi, plataforma amankomunak prekarietatea borrokatzen duelako, malgutasuna mugatu, lan baldintzak hobetu eta gure eskubideak bermatu nahi dituelako.
Orain gutxiengoarekin negoziatzen hasi omen da, gure ustez benetako arriskua dago akordio batera heltzeko sindikatu batzuei kontratu mugagabeak eskaintzearen truke. LABek ez du onartuko inolako akordiorik eskubideak galtzeko oparien truke, hala izanez gero kontratazioaren jarraipen zorrotza egingo dugu eta arlo guztietan salatuko dugu.
LABen IRAKURKETA ETA ONDORIOAK
Mercedesen lan zama eta egoera ekonomikoari erreparatzen badiegu, inoiz ezagutu den egoera onenean dago. Baina, gezurra badirudi ere, Gasteizko lantegiak ez du egun jasaten duen prekarietatea sekula pairatu.
Egun, inoiz izan duen behin-behinekotasun tasarik altuena dauka.
– Egun, inoiz izan duen azpikontratazio tasarik altuena dauka. (beraz, Mercedesek gero eta langile gutxiago ditu).
– Egun, inoiz izan dituen lanaldirik luzeenak eta neketsuenak ditu. (9 orduko lanaldiak eta 10. ordua ezarri nahian).
– Egun, lan baldintza okerragoak ezartzen ari zaizkie kontratazio berriei.
Eta abar luze bat.
Neurri guzti hauek enpleguaren kontrako neurriak dira eta, batez ere, enplegu duinaren kontrako neurriak dira. Mercedesen enplegu politika argia da: kalitatezko enplegua desagerrarazi eta, bere ordez, enplegu prekarioagoa sortu.
Honengatik guztiarengatik, negoziazio honetan LAB Mercedeseko zein azpikontratetako langileen lan baldintzak are okerragoak izan ez daitezen, lan egiten ari da. LAB sindikatuak ez dio multinazionalari alfonbra gorria jarriko langileen gehiengo handi baten lan baldintzak okertzen jarraitu ahal izateko. Erakutsi dugun moduan, egon badagoelako tarte oso handi bat Mercedesen gauzak beste modu batean egiteko. LABek ez du inondik inora erraztuko, soilik gutxi batzuek gero eta handiagoak diren etekinak jasotzea, gehiengo zabal baten lan baldintzak prekarizatzearen truke. Hori ez baita enpresa eredu justu zein jasangarria, ezta langileen inplikazioa zein partehartzea bilatzen duen eredua ere. Eredu honek etekinak eta emaitzak lehenesten ditu, bere jendearen ongizatearen gainetik.
Egoera honen sorreran Eusko Jaurlaritza bezalako erakundeek lagundu dutela uste dugu, Mercedesen eredua Euskadiko eredua izendatu baitute, “aberastasuna sortzeko eredugarria” euren hitzetan. Aberastasuna sortzen duela ez dugu inongo zalantzarik, baina aberastasuna norentzat?. Eusko Jaurlaritza ados al dago egun Mercedeseko langileek jasaten duten prekarizazioarekin, multinazionalaren emaitzak kontuan harturik? Hau da Eusko Jaurlaritzak gainerako enpresentzat nahi duen eredua? Mercedeseko langileek (eta EAEko gainontzeko langileek) jakinaren gainean egoteko eskubidea dute. Eta, horrela izango ez balitz, zer nolako konpromisoak hartuko ditu egoera honekin bukatzeko?
Datorren igandean EAE gobernatzeko aukeratua izango denari ere eskatzen diogu argitu dezala Mercedeseko prekarizazioarekin bukatzeko zer egiteko prest dagoen.