2024-11-23
HomeEkintza PolitikoaGarbiñe Aranburu: “Bada garaia zerga politika ausart eta eraginkorra abian jarri eta...

Garbiñe Aranburu: “Bada garaia zerga politika ausart eta eraginkorra abian jarri eta kapital errentei zein enpresa irabaziei erreparatzeko”

Euskadi Irratiko Faktoria irratsaioan elkarrizketatu dute gaur LAB sindikatuko koordinatzaile nagusia. Esteka honetan entzun daiteke osorik.

Beste hainbat konturen artean, elikagaien prezio igoerari buruz galdetu diote, eta elikadura burujabetzaren aldeko apustua egiteko beharra mahaigaineratu du, gainontzean enpresa multinazionalek jarraituko baitute joko-arauak kontrolatzen eta beren interesetara moldatzen.

Ipar zein Hego Euskal Herrian zeresan handia ematen ari diren pentsio erreformez ere aritu da Aranburu, eta gogorarazi du sindikatuak euskal pentsio sistema propioaren alde egiten duela apustu. Hego Euskal Herriko kasuari dagokionez, honakoa adierazi du: “Balizko murrizketa berririk ez dugu ontzat emango espainiar estatuan pentsioen arloan egingo den erreforman”. Hala, azaldu du sindikatuak azken urteetako murrizketak lehengoratzeko eskakizuna ere luzatu diela alderdi politikoei, gutun bidez.

Zerga politikari dagokionez, nabarmendu du egun “herri honetako zerga politika neurri handi batean patronalak ezartzen duela”, eta horren aurrean, parte-hartze soziala aldarrikatu du, eta sindikatuen ekarpenak aintzat har daitezen, gaur egun betoa ezartzen baitzaie eztabaida horretan.

Nafarroako Osasunbideari buruz ere galdetu dio Oihane Iustos kazetariak Aranbururi, eta azken horrek nabarmendu du langile guztientzako baldintza duinak bermatu beharko lituzkeela Nafar Gobernuak. Ildo beretik, Medikuen Sindikatuak interes korporatibistei soilik erreparatzen diela azpimarratu du, eta lehen eta bigarren mailako langileen arteko bereizketa egin nahi izatea egotzi die. Aldiz, uste du joan den astean zerbitzu publikoetan egindako grebak, gehiegizko gutxieneko zerbitzuak gorabehera, langileria martxan dagoela erakutsi zuela. Hala, zerbitzu publikoaren defentsan lan egiten jarraituko dutela adierazi du.

Amaitzeko, Lan Osasunaz galdetuta, berriki sindikatuak zabaldu duen moduan, laneko gaixotasunei arreta jartzeko beharra ekarri du mahai gainera Aranburuk, ezkutuan gordetako errealitatea baita gaur-gaurkoz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.