2024-11-23
HomeEkintza SindikalaTransfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileok mobilizazioak areagotuko ditugu, Osasun Sailak...

Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileok mobilizazioak areagotuko ditugu, Osasun Sailak gatazka konpontzeari uko egingo diolako

Dagoeneko 14 greba-egun egin ditugu langileok; azken 4 egunetako jarraipena oso zabala izan da, eta laborategiko teknikarien eta erizaintzako kategorietan % 80tik gorakoa izan da.

Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileok otsailaren 14an, 15ean, 16an eta 17an egin genuen grebaren jarraipena aldarri bat izan da, Osasun Sailak, Osakidetzak eta Euskal Zentroko Zuzendaritzak beren gain har dezaten eta plantillari adarra jotzeari utz diezaioten; izan ere, gatazka negoziatzeko eta konpontzeko gaitasunik eza erakusten jarraitzen dute, langileok duela bi urte baino gehiagotik aldarrikatzen duguna izanik ere. Nahiz eta gutxieneko zerbitzuak gehiegikeriaz ezarri, guztira 14 greba-egun bete eta solaskide baliodun bat aurrean izatea ezinezkoa izan, langile gehienok bat egin dugu grebarekin otsaileko 4 egun hauetan.

Greba otsailaren 14an hasi zen, Osasun Sailari, Osakidetzari eta TGEEZko Zuzendaritzari gatazkaren konponbidea negoziatzeko egin zitzaion zitazioarekin. Hala ere, Greba Batzordeak eta sindikatuok egindako hitzordura ez joatea erabaki zuten. Aitzitik, Mahai Sektorialean eztabaidatu beharreko gaia dela erantzun zuten, nahiz eta 2021eko apiriletik etengabe uko egin dioten gatazkari heltzeari.

Horregatik, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langile guztion soldata-baldintzak parekatzeko eta jasaten ari garen diskriminazioarekin amaitzeko borrokan jarraitzea beste aukerarik ez dago, hurrengo hilabeteetan mobilizazioak areagotuko ditugularik.

Sindikatuetatik gatazkaren konponbidea negoziatzeko borondatea agertuko dugu etengabe, eta, horretarako, beste bilera bat eskatuko diegu Osasun Sailari, Osakidetzari eta Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroari.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.