Gaur, irailaren 14an, Eusko Jaurlaritzak, SEA patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek gutxiengoan sinatutako Arabako Metaleko hitzarmena argitaratu du Arabako Aldizkari Ofizialean. Erabaki hau joan den udan Eusko Jaurlaritzak, CONFEBASK eta CCOO eta UGT sindikatuekin adosturiko akordioaren gauzapen praktikoa da, beste urrats bat. Lehen aldia da gobernu batek gutxiengoan sinatutako hitzarmen bat argitaratzen duela aldizkari ofizial batean, erabateko salbuespeneko egoera bati normaltasuna eta babesa eman nahian.
LABen iritziz, Eusko Jaurlaritzaren jokaera hau guztiz antidemokratikoa eta larria da, argi eta garbi patronalaren alde lerrokatzen baita, azken honek duen akordio merkeak lortzeko estrategiarekin bat eginez eta herri honen langileen gehiengoak erabakitakoari muzin eginez. Urkullu jauna: prest al zaude onartzeko eta argitaratzeko Gasteizko Legebiltzarrean gutxiengo batek erabakitzen duena? Hori zilegia eta demokratikoa iruditzen zaizu?
Erabaki honek datorren hilaren 20an Gasteizko kaleetan egingo dugun mobilizazioaren beharrean berresten gaitu. Herri honek lan harremanetarako eredu propioa behar du, langileen ordezkaritzak errespetatua izan behar du eta pobrezia eta prekarietatea hedatuko ez dituen benetako negoziaketa kolektiboa ezinbestekoa da.